Ospitaleetako sukaldeak

23.200 sinadura jaso ditu herritar batek Mediterranea de Catering etxearen aurka

Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ditu Jesus Lostaok hogei eguneko epean bildutako sinadurak. Sukaldeetako langile ohiek inkesta egin dute, gainera, gaixoen artean, eta %90 ez dira kontent.

edurne elizondo
2013ko martxoaren 21a
14:16
Entzun

"Jendea haserre dago, eta haserre hori agerian uzteko gogoz da". Horixe erran du Jesus Lastoak, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren atarian. Hantxe aurkeztu ditu hogei eguneko epean Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeetako zerbitzua berriz ere publiko izan dadin eskatzeko jasotako sinadurak. Denera, 23.200. Sare sozialen bidez jaso ditu Lastaok sinadura horietako gehienak. Haien bidez, Mediterranea de Catering etxeak Nafarroako Ospitaleen Guneko gaixoei ematen dien janariaren kalitatea eskasa dela salatu, eta zerbitzua, berriz ere, publiko izan dadila eskatu nahi izan du. "Herritarrok tratu duina merezi dugu; ezin dugu onartu ospitaleetan jasotzen ari garen zigorra", erran du Lastaok. Iritzi horrekin bat egin dute parlamentuaren aurrean protesta egin duten herritarrek ere.

Ildo berean mintzatu da, halaber, sukaldeetako langile ohi Idoia Viana. Lastaok jasotako sinadurekin batera, langileek Bideko Ama Ospitaleko eta Ubarmineko gaixoen artean egindako inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte Nafarroako Parlamentuan. 205 erantzun jaso dituzte, eta, haien arabera, gaixoen %90 ez dira Mediterranea de Catering enpresaren zerbitzuarekin kontent. %85ek uste dute jasotzen duten janariak ez diela osatzen laguntzen, eta %91k janariak ez duela itxura onik. "Jaten dutenaren kalitatea hagitz txarra dela uste dute gehienek, %90ek", erantsi du Vianak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.