24 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekideari eta umeari mehatxu egin dielakoan

Urtea hasi zenetik ia 40 gizon atzeman ditu Ertzaintzak; gazteak dira andreei ustez eraso dieten gizon gehienak

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urtea hasi zenetik etengabe izan dira halako albisteak: asteburuan beste sei gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeei eraso dietelakoan. Urtea hasi zenetik, ia 40 gizon atxilotu dituzte hiru herrialdeetan; gainera, gazteak dira gehienak. Adibiderako, Barakaldon (Bizkaia) asteburuan gertatutakoa: 24 urteko gizon bat atxilotu zuten, labana batekin bikotekideari eta hilabete gutxiko umeari mehatxu egin zielakoan. Andreak salatu du festa batetik etorri eta gero eztabaidan hasi zirela eta gizonak eraso egin nahi izan ziola. Aurrekariak ditu gizonak.

Sestaon (Bizkaia), 34 urteko gizon bat atxilotu zuten igande goizaldean, kuxin batekin bikotekidea itotzen ahalegindu zelakoan. Donostian, berriz, 33 urteko gizon bat atzeman zuten larunbatean, bikotekideari tratu txarrak eman dizkiolakoan etenik gabe.

Donostian bertan 40 urteko beste gizon bat atzeman zuten larunbat arratsaldean, bikotekide ohiari eraso egin ziolakoan. Iraindu ere egin zuen, emakumeak salatu duenez. Iurretan (Bizkaia), andre bat erietxera eraman behar izan zuten, ustez bikotekideak eraso egin ostean. 55 urte dauzka gizonak, ustezko erasotzaileak.

Amari eraso zion beste gizon batek Donostian. Poliziak dio 57 urteko gizonak hiru urtean eman dizkiola tratu txarrak amari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.