Atzo, guztira, 7.807 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, horietako 242k emaitza positiboa eman zuten. Hala, positibotasuna %3,1ekoa da. Herenegun %4ra iritsi zen, baina berriro apaldu da positibotasuna. Halere, zehaztekoa da herenegun baino 1.200 bat proba gehiago egin dituztela, tartean Mallorcako agerraldiarekin lotutakoak.
Bizkaian, 90 positibo atzeman dituzte, herenegun baino bat gehiago; Gipuzkoan 91, ostegunean baino lau gehiago. Araban eta Nafarroan, berriz, positibo kopurua apaldu da. Araban 22 atzeman dituzte, aurreko egunean baino hamar gutxiago; eta, Nafarroan 34, bezperan baino hamabost gutxiago. Hego Euskal Herrian bizi ez diren beste bost lagunek ere eman zuten positibo.
Osakidetzak emandako datuen arabera, ez dute pazienterik sartu ZIUn, baina 31 herritar ospitaleratu dituzte. Bestalde, Osakidetzak erran du Gasteizko Txagorritxuko ospitaleko ZIUn ez dutela gehiago Covid-19ak gaizkitutako pazienterik artatzen, iragan urteko ekainetik lehen aldiz.
Nafarroan ez dute paziente berririk hartu ospitaleetan; herenegun bezala, 21 paziente daude Nafarroako ospitaleetan, horietako zazpi, ZIUn.