hedabideak

25 urte bete ditu 'Aizu!' aldizkariak, eta ale berezia kaleratu du

1981eko Durangoko Azokan kaleratu zuten =iAizu!=i aldizkariaren 0 zenbakia, eta gaur, 25 urte beranduago, 312. zenbakia argitaratu dute. Ale berezia dute azken hau, eta 25 horietan argitaratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje eta AEKri buruzko 25 albiste bildu dituzte, besteak beste. Bere garaian argitaratu ziren bezala datoz lan horiek guztiak, "euskarak 25 urteotan bai terminologian bai arauetan izan duen eboluzioaren isla".

2006ko azaroaren 29a
16:54
Entzun
Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu dute gaur bertan, Aizu!-ren azken zenbakia. Aldizkaria sortu zeneko taldeko kide zen Esther Zarandonak gogorarazi du Bilboko euskara irakasle eta ikasle batzuen ekimenez sortu zela, eta "harrezkero euskara ikasleei euren ikas-prozesuan lagundu dien tresna" izan dela.

Hori, batik bat 1983tik aurrera gertatu zela azpimarratu dute ekitaldian. Izan ere, urte horretantxe egin zuen bat Aizu!-k AEKrekin. AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mujikak esan du, gaur egun ere AEK-k sustatuko aldizkaria dela, "ikasleentzat egindako produktua, euskara errazean idatzitakoa eta irakasleentzat ere lagungarri gertatzen dena klaseak prestatzerakoan".

Urteurren festa

25. urteurrena ospatu egingo dute. Abenduaren 1 ostiralean festa egingo dute, Kalderapekon. Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileak azaldu duenez, " Aizu!-tik igarotako laguntzaileak eta irakurle nagusi diren euskara ikasleak bildu eta zoriontzeko asmoz".

Gainera euskaltegiz euskaltegi eramango duten erakusketa ere prestatu dute, "25 urteotan kaleratu diren beste hainbeste azalekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.