Ezbeharra

25 urteko gazte bat hil da Igorren 'in itinere' auto istripu batean

Bi autok aurrez aurre jo dute elkar. Haietako baten gidaria hil egin da, eta bestearena larri eraman dute ospitalera. Hildakoa Gestampeko langilea zen eta gaueko txandan lan egin ondoren etxerantz zihoan. Zumarragan, 11 ibilgailuren arteko istripu larri bat gertatu da, eta hamalau lagun zauritu dira; bi, larri.

Zortzi ibilgailuk izan dute istripua Zumarragan: lau kamioik eta lau autok. GIPUZKOAKO SUHILTZAILEAK
2020ko urtarrilaren 8a
09:29
Entzun

Igorren (Bizkaia) izan da istripua, N-240 errepidean, Elorrioko saihesbidean. Bi autok aurrez aurre jo dute elkar —BMW 530 batek eta Renault Megane Scenic batek—, oraindik ez jakin zergatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Kolpearen ondorioz, bi gidariak auto barruan harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileak aritu dira erreskate lanetan. BMW autoaren gidaria hil egin da; Zornotzako (Bizkaia) 25 urteko gazte bat zen. Istripua izan duen beste autoaren gidaria, 52 urteko bilbotarra, Galdakaoko ospitalera eraman dute larri zaurituta.

Bestalde, Zumarragan (Gipuzkoa) 11 ibilgailuren arteko istripu larria gertatu da 10:00ak aldera, Beasainera bidean. A-636 errepidea itxi dute Beasainerako bidean, eta zirkulazioa GI-2632 errepide zaharretik desbideratu dute. Segurtasun Sailaren esanetan, behe laino handia dago inguruan, eta, haren eraginez, lau kamioik, bost autok eta bi furgonetak egin dute talka. Hamalau zaurituetatik lau Donostiako ospitalera eraman dituzte eta gainerako hamarrak Zumarragakora eta Debagoienekora. 56 urteko kamioi gidari bat «oso larri» eraman dute Donostiako ospitalera. Hara eraman dituzten beste zaurituak 48 eta 72 urteko bi emakume eta 45 urteko gizon bat dira. Beste ospitaleetara eraman dituztenak, berriz, 35 eta 58 urte arteko zazpi gizon eta 48 eta 66 urteko bi emakume dira. Istripuaren ondorioz, sei orduan itxita egonda errepidea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.