Errepide ezbehar larria gertatu da goizeko bostak aldera Ziburun (Lapurdi): auto bat bidetik atera da, eta zutabe bat jo du. Ondorioz, gidaria, 25 urteko mutil gazte, Urruñako bizilaguna, hil egin da. Erabat argitzeke dago ezbeharra zerk eragin duen, baina litekeena da izotzarekin autoak irrist egitea.
Gainera, atzo arratsean beste pertsona bat hil zen Lapurdiko errepideetan: auto batek kamioi bat jo zuen Uztaritzen, eta gidaria, 35 urteko Kanboko gizonezko bat, hil egin zen.
Gaur goizean,zazpiak eta laurden aldera, beste istripu handi bat gertatu da, N-1 errepidean, Pasai Antxo (Gipuzkoa) parean: hiru ibilgailuk 58 urteko gizonezko bat harrapatu dute, bata bestearen atzetik. Lehenengo zanpatu duenak, gainera, alde egin du. Istripua handia izan arren, ordea, zauri arinak baino ez ditu biktimak; hautsitako lau saihets besterik ez.
Nolanahi ere, oro har, Euska Herriko errepideetako egoera atzo eta herenegungoa baino lasaiagoa da gaur. Izan ere, elur eta haize ekaitza igaro da, eta denboralde horrek trafikoan eragindako traba handienak ere bai. Hala, errepide sare nagusia zabalik dago. Bigarren mailakoan, Artesiaga eta Urkiaga itxita daude Nafarroan; Urduña, Opakua eta Herrera Araban, eta Mandubia, Arantzazu eta Lizarrusti Gipuzkoan. Autoek kateak behar dituzte Nafarroan Urbasan eta Belaguan, Araban Kurtzetan eta Bernedon, eta Gipuzkoan Urrakin, Urtok, Jaizkibelen eta Artikutzan. Bizkaian Urkiolako mendatean izotz plakekin kontuz ibiltzeko eskatu dute.
Tenperaturak behera egin du, eta izotz plaka handiak sortu dira bazterretan. Beraz, arreta handiz gidatzeko eskatu dute trafiko arduradunek.
Errepideak
25 urteko mutil gazte bat hil da Ziburun, istripuan
Lapurdin, Uztaritzen, beste gizonezko bat ere hil zen atzo. Pasaian (Gipuzkoa) hiru ibilgailuk gizonezko bat zanpatu dute, bata bestearen atzetik, baina zauri arinak besterik ez ditu. Nolanahi ere, elur ekaitza baretzearekin batera errepide sare nagusiko oztopoak gutxitu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu