25 urtera arteko emakumeek kontrazepzioa urririk eskuratzen ahalko dute Ipar Euskal Herrian, datorren urtarriletik hasita. Pilula, biharamuneko pilula, kobrezko antzugailua, antzugailu hormonala, inplantea eta diafragma osoki ordainduko ditu Gizarte Segurantzak, eta horiek hartu ahal izateko prozesu osoa ere doakoa izanen da 25 urtera arteko emakumeentzat, hala nola kontsultak eta azterketa biologikoak. Bi preserbatibo marka ere urririk eskuratzen ahalko dituzte farmazietan: Eden eta Sortez Couverts. Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak iragarri du neurria goizean.
2013tik, 15 eta 18 urte bitarteko emakumeentzat osoki urririk zen kontrazepzioa, eta 2020an, 15 urtetik beherako neskei ere zabaldu zieten doakotasuna. Iaztik, beraz, 18 urtetik beherako emakume guztiek urririk eskura dezakete kontrazepzioa. Adin horretatik aurrera, berriz, zenbait antisorgailu bakarrik ordaintzen ditu Gizarte Segurantzak, eta kontsulta gastuen %65 hartzen ditu bere gain. Bada, datorren urtarriletik aurrera, kontrazepzio gehien-gehienak eta horiei lotutako gastuak %100 ordainduko ditu Gizarte Segurantzak.
Halere, zenbait kontrazepzio ez dira doakoak izanen: emakumeentzako pilula berezi batzuk —18 urtetik beherakoek ere pagatu behar dituzte horiek—, gizonezkoentzako espermizidak eta preserbatiboak —bi marka izan ezik—. La Menstruelle podcast feministaren egileek sare sozialetan nabarmendu dute «aurrerapauso bat» izanik ere «kontrazepzioaren ardura orekatu» behar dela, gizonezkoen kontrazepzioak ere doakoak eginez.
Veranek azaldu du «geroz eta emakume gehiagok» uko egiten diotela kontrazepzioari, arrazoi ekonomikoengatik. 25 urteren muga jarri du Frantziako Gobernuak, «adin horretatik aurrera ekonomikoki eta sozialki autonomia gehiago» lortzen delako. Guztira, 21 milioi euroko kostua izanen du neurriak, Veranek erran duenez.