250 lagun ezagunek Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen askatasunaren aldeko idatzia sinatu eta haietako batzuek gaur aurkeztu dute Bilbon, hotel batean. "Otegi euskal buruzagi politikoari ezarri zaion kartzelaldi prebentiboa, inolako justifikaziorik gabe, luzatzen zaiolako kezka dugu", diote idatzian. "Espainiako Erresumako Gobernuari, Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalean dagokion organura" zuzendu dira, ezker abertzaleko kidea "berehala libre uzteko" eskatuz.
Espainiako Estatua haren kasuan "askatasunerako oinarrizko eskubidea urratzen" ari dela salatu dute sinatzaileek, eta nabarmendu dute Otegik "Euskal Herrian diren arazo politikoen konponbidea baliabide baketsu eta demokratikoen bitartez lortu nahi" duela. "Otegi libre uzteak eta berak egin dezakeen lanak erraztu egin ditzake eskenatoki berriaren lorpena eta indarkeria era guztien amaiera".
Sinatzaileen artean dira Adolfo Muñoz (ELAko idazkari nagusia), Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia), Jesus Uzkudun (Euskadiko-CCOO), Paul Rios (Lokarri), Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Rakel Ubera (Aralar), Oskar Matute (Alternatiba), Mertxe Colina (AB), Bernardo Atxaga (idazle eta euskaltzaina), Martxelo Otamendi, Joxean Lizarribar eta Joanmari Larrarte (BERRIA Taldea), Iñaki Uria (Hamaika Telebista), Jon Sarasua (Huhezi) Gorka Altuna (EKHE), Pako Letamendia, Josu Amezaga eta Ramon Zallo (EHU), Mariano Ferrer (kazetaria), Jaime Otamendi, Arantxa Iturbe, Manu Etxezortu eta Iñaki Elortza (Euskadi Irratia), Mikel Aranburu, Mikel Labaka eta Eñaut Zubikarai (Reala), Aimar eta Asier Olaizola (pilotariak), Jose Mari Arrate (enpresaburua), Ramon Labaien (Donostiako alkate ohia), Jose Bove (Europa Ecologie), Felix Lopez (PCE), Vicent Partal (Vilaweb), Joan Tarda (ERC), François Alfonsi (europarlamentarioa)...
Belen Arrondok (Eilas) eta Paul Riosek irakurri dute idatzia, eta jakinarazi dute hilaren 11n Espainiako Auzitegi Nazionalera joango den sinatzaileen ordezkaritza bat, Otegiren aurkako epaiketara.
Auzitegiaren erabakia
Espainiako Auzitegi Nazionalak, hain zuzen, asteartean baztertu egin zuen Otegi aske uzteko egindako eskaera, hura libre uzteak "bake sozialari eta askatasun publikoei eragin" egingo liekeelakoan. Fiskalaren iritzia aintzat hartu zuen, beraz, auzitegiak.
Jone Goirizelaia defentsa abokatuak egin zuen eskaera. Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez ere askatzeko galdegin zuen -Otegiren operazio berean atzeman zituzten, iazko urrian-, baina neurri horren aurka ere azaldu da auzitegia.
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak irailean eman zuen bukatutzak Bateragune auziko sumarioa, eta kasua epaiketara bidean geratu zen. Otegiz gain, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal ezker abertzaleko kideak daude auzipetuta, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan eta ETAren esanetara ari zirelakoan. Iazko urriaren 13an atxilotu zituzten. Otegi, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez kartzelan dauzkate.
poliTIKA
250 lagun ezagunek Otegi aske uzteko eskatu dute, "indarkeria guztien amaiera" errazteko
Ezker abertzaleko kidea kartzelan egotea "justifikaziorik gabekoa" dela iritzi diote. Idatziaren sinatzaileen artean dira Adolfo Muñoz, Ainhoa Etxaide, Jesus Uzkudun, Paul Rios, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Pello Urizar, Rakel Ubera, Oskar Matute, Mertxe Colina, Bernardo Atxaga, Martxelo Otamendi, Pako Letamendia, Ramon Zallo, Jaime Otamendi, Mikel Aranburu, Aimar Olaizola, Jose Bove edo Joan Tarda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu