Zestoako Irikaitz aztarnategian aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte denboraldi honetan Aranzadiko kideek. Garrantzitsuena gravetiar kulturako zintzilikario bat da, Goi Paleolitoan kokatzen dena, hots, 25.000 urte inguru ditu. Iberiar Penintsula aire libreko aztarnategian aurkitu den gailurik zaharrena da.
Leundutako harri bat da, zulo bat duena zintzilik eraman ahal izateko. Baina bere ezohikotasuna harago doa: aztertu ostean, ikerlariek geziak eta bestelako tresnak zorrozteko erabiltzen zutela ondorioztatu dute.
Zintzilikario hori ez da indusketek utzi duten aurkikuntza bakarra. Harri bolkaniko batzuk ere aurkitu dituzte, ondoko Urola errekatik garraiatutakoak, duela 250.000 urte inguru; horiek ere landuta daude. Oso erreminta oinarrizkoak dira, Behe Paleolitoan gauzak mozteko erabiltzen zirenak.
Irikaizko aztarnategiak 80.000 metro karratuko azalera du, aire librean. 1996. urtean aurkitu zuen Azpeitiako Antxieta taldeak (Ekain aurkitu zuen talde berak). 1998. urtean hasi ziren Aranzadiko kideak indusketa lanetan.