ERREPIDE ISTRIPUAK

267 pertsona hil ziren iazEuskal Herriko errepideetan

Iaz 79 lagun hil ziren Nafarroan, 39 Araban, 73 Bizkaian, 64 Gipuzkoan, eta 12 Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko errepideetan. 2002. urtean baino 6 hildako gutxiago eta 2001ean baino 27 gutxiago

JON BENITO - EDURNE ELIZONDO
2004ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Nafarroako Gobernuak eta Jendarmeriak jakitera emandako datuen arabera, 267 pertsona hil ziren iaz Euskal Herriko errepideetan. 2002. urtean baino 6 gutxiago (273 pertsona hil ziren) eta 2001. urtean baino 27 gutxiago (294 pertsona hil ziren). Azken urteetan behera egin du errepidean hildakoen kopuruak.

Hildako gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

1998tik ez zen iaz adina hildako izan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko errepideetan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, 2003. urtean 39 pertsona hil ziren Araban, 73 Bizkaian eta 64 Gipuzkoan. Beraz, iaz 2002. urtean baino sei pertsona gehiago hil ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan eta 2001. urtean baino bederatzi gehiago. Gipuzkoan, 2002. urtean baino pertsona bat gutxiago hil zen; Bizkaian, 2002an baino hiru gehiago, eta Araban, 2002an baino lau gehiago.

Halere, hamarkadako datuen joera orokorra beheranzkoa da, %15 gutxitu baita batez beste hildakoak eragin dituen ezbehar kopurua. N-1 errepidea Gipuzkoan eta Araban, A-8 autobidea Gipuzkoan eta Bizkaian, eta A-68 errepidea Bizkaian eta Araban izan dira gunerik beltzenak, eragindako hildako kopuruari dagokionez.

79 hildako Nafarroako errepideetan

79 lagun zendu ziren Nafarroan joan den 2003. urtean. Auto istripuen ondorioz hildakoen kopuruak hirugarrenez egin du behera, 2002an baino hamar pertsona gutxiago hil baitira, 2001ean baino 29 gutxiago eta 2000an baino 39 gutxiago, Nafarroako Gobernuko Barne Sailak azaldu duenez.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak arduraz joka dezatela eskatu die gidariei. Gidarien jokabidea, hala ere, ez da errepideetako istripuen eragile bakarra. Nafarroan, adibidez, gora egin du 2003an auto kopuruak, eta gidariak ere gero eta gehiago dira. Auto eta gidari kopuruaren igoerarekin batera, hainbat bideren egoera ere kontuan hartzeko elementua da errepideen arriskua aztertzerakoan.

Nafarroako Gobernuak «ahalegin berezia» egin du errepideetako gune beltzak ezabatzeko. Arlo horretan aipatzekoa da Zozaia eta Doneztebe arteko errepide zati berriarekin Mugairi eta Narbarte arteko gune beltza desagertu izana. Hala ere, oraindik sei gune beltz gelditzen dira Nafarroan: N-121ean, Arriazabalaga-Tafallako saihesbidean; N-232; N-111n, Mañerun; N-113an, Cintruenigon; NA-160an, Tutera-Fitero artean; eta NA-115ean.

Nafarroan Errepideetako Segurtasun Plana abian

2003. urtean, Nafarroako errepideetan hildakoen kopuruak behera egin du, baina istripu kopuruak berriz, gora. Foruzaingoak plazaratu duenez, iaz 2.820 istripu izan ziren, aurreko urtean baino ehundik gora gehiago, 2.766 istripu zenbatu baitzituen Foruzaingoak 2002an.

Europako Batasunaren helburuarekin bat egin du Nafarroako Gobernuak eta 2010. urterako erdira murriztu nahi du istripuen kopurua. Horretarako, Nafarroako Errepideetako Segurtasun Plana osatzeari ekin dio Nafarroako Gobernuak, eta aurten martxan jartzea espero du.Hasteko, Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu Zirkulazio Araudi Orokor berria indarrean dela gogoratu du Nafarroako Gobernuak. Ildo horretan, autoan haurrak babesteko sistema berriak eta segurtasun-uhalak derrigorrezkoak direla ohartarazi du.

Hildako gutxiago Iparraldean

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuei dagokionez, Jendarmeriak Berriari jakinarazi dionez, 12 pertsona hil ziren 2003. urtean, 2002an baino bi gutxiago eta 2001ean baino zazpi gutxiago.

A-63 autobidean 15 istripu larri izan ziren iaz. Bertan hiru pertsona hil eta 14 zauritu ziren guztira. Baionako eskualdean, 300 istripu inguru gertatu ziren eta horietatik zazpi oso larriak izan ziren. Ondorioz, zortzi pertsona hil eta 69 zauritu ziren. Azkenik, Mauleko jendarmeriak jakinarazi duenez, iaz, 50 istripu inguru izan ziren Zuberoan, Muskildin pertsona bat hil zen eta guztira 64 zauritu egon ziren, ezbehar ezberdinen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.