Genero indarkeria

27 urteko emakume bat hil dute labankadaz Bilbon

Ertzaintzak gaztearen mutil-lagun ohia atxilotu du, ustez harek hil duelakoan, gorpua topatu eta ordubetera etxebizitzatik ateratzen ari zela; labana, dena dela, ez dute aurkitu oraindik.

2004ko irailaren 29a
17:20
Entzun

21 urteko F.J.S.D. gizona atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Bilbon, ustez bere neska-lagun ohia labankadaz hiltzeagatik. Erasoa Bilboko Otxarkoaga auzoko Arbolantxabidea kaleko etxebizitza batean gertatu zen, goizeko zazpiak aldera.

EAEko Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, bikoteak igande gauean diskoteka batean egin zuen topo. Diskotekatik hildakoaren lagun batekin atera ziren eta lagun horrek Otxarkoaga auzoan duen etxera joan ziren hirurak. Goizeko zazpiak aldera ustezko hiltzailea eta bikotekide ohia haserretu egin ziren, eta, eztabaida gogor baten ondoren, F.J.S.D. gizonak laban bat hartu eta emakumea hil zuen labankadaz. Biak Ginea Bissaukoak dira izatez.Auzokoek, oihuak eta zarata handiak entzutean, abisua eman zioten Ertzaintzari, zerbait gogorra gertatzen ari zelakoan. Ertzaintza berehala joan zen bizilagunek esandako lekura eta emakumezko bat aurkitu zuten lurrean etzanda, odolez inguratuta eta arma zuriz eginiko zauri ugarirekin. Bizirik aurkitu zuten arren, minutu gutxira hil egin zen. Osasun zerbitzuak neska bere onera ekartzen saiatu ziren, baina zauriak oso larriak zirenez, ezin izan zuten 27 urteko gaztearen bizia salbatu.Ertzaintzak hiltzailea nor izan zen jakiteko ikerketa hasi zuen berehala. Erasoaren lekukoek adierazi zutenez, gizonezkoak, biktimaren bikotekide ohiak, etxebizitzatik ihes egin zuen. Ordubete geroago aurkitu zuten, ordea, eraikinean bertan. Herrizaingo Sailaren esanetan, eraikinaren beheko solairuan zegoen ezkutatuta, eta ihes egitera zihoala atxilotu zuten. Arropak odolez zikinduta zituen. Hiltzaileak erabili zuen labana, ordea, ezin izan dute aurkitu oraindik eta inguruko hainbat zakarrontzi eraman zituzten poliziak miatzeko.

Bi atxilotu Gasteizen

Ertzaintzak igandean bi gizon atxilotu zituen Gasteizen, ustez bikotekideei tratu txarra emateagatik. Lehen atxiloketa goizean goiz izan zen, Arka kalean: 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, ustez neska-lagun ohia iraintzeagatik eta mehatxatzeagatik. 24 urteko emakume bat bere mutil-lagun ohiarrengandik iheska Arka kaleko aparkalekuan babestu zela esanez dei bat izan zen.

Ertzaintza bertara iritsi zenean, neskak azaldu zien bere mutil-lagun ohiarekin diskoteka batean topo egin zuela eta irainka eta objektu batekin mehatxuka hasi zitzaiola. Horregatik, handik korrika ihes egin zuela esan zien, eta aparkalekuan babestu behar izan zuela, mutila segika ari zitzaiolako. Aparkalekuko zaintzaileak deitu zuen poliziara gertatzen ari zena azaltzeko. Gaztea handik gutxira atxilotu zuten.Gauean izan zen bigarren atxiloketa, bederatziak aldera. 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, ustez bere emazteari tratu txarrak eman zizkiolako. Bikotearen artean erasoren bat gertatzen ari zela pentsatuta, auzokoek Ertzaintzari hots egin zioten. Berehala hurbildu zen patruila bat. Gizonezkoak berak ireki zien atea eta emaztearekin eztabaidan aritu zela esan zien poliziei. Eraso gehiagoren beldur gela batean ezkutatuta zegoen emakumeak, aldiz, senarrak jo egin zuela eta birritan mehatxatu zuela azaldu zien ertzainei. Ertzainek gizonezkoa atxilotu egin zuten eta 57 urteko emakumea Txagorritxuko Ospitalera eraman zuten, zauri arinak baitzituen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.