Gazte borrokaz, aske! Epaiketa politikorik, ez leloa zeraman pankarta erraldoiaren aurrean, manifestaziorako deia egin du gaur Ernaik. Hurrengo ostegunerako egin du deialdia: 18:00etan hasiko da martxa Donostian, Bulebarrean.
Ekitaldian salatu dutenez, gazteak "militantzia politikoagatik" izango dira epaituak, eta 28 gazteren aurkako auzia ez ezik, "Euskal Herriaren eta euskal gazteriaren kontrako erasoa" ere badela gaitzetsi dute. Irailaren 22tik aurrera epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kide izatea egotzita.
Epaiketa hori salatzeko, batzarrak eta ekitaldiak antolatzen ari dira hainbat herritan, eta deialdi bateratua egin dute uda ondorenerako: "Asteburu laranja" egingo dute irailaren 12tik 14ra, epaiketa politikoen aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde. Kaleak "laranjaz margotzera" deitu dituzte herritarrak.