«Denok berdez, denok berdearekin. Denak berdez jantzita, eta euskal selekzioarekin». Independentziaren aldeko olatu berde erraldoia. Hori da Independentistak Sareak abenduaren 29an euskal selekzioaren eta Venezuelakoaren arteko futbol partidan bildu nahi duen emaitza.
ESAITek antolatutako jai aldarrikapen eta mobilizazioan zein San Mameseko harmailetan berdez jantzita agertzeko eskaera egin dute.
Txutxi Ariznabarretak azaldu duenez, ekimenarekin bat egiteko berde koloreko edozer da baliagarri: «Arropa, soineko, zapi, lepoko, euritako, bandera, oihal...Denon artean olatu berde erraldoi bat egingo dugu San Mameseko harmailetan».
Helburua euskal selekzioak izaera, izen eta nortasun propioz munduan zehar lehiaketa ofizial guztietan jokatzeko eskubidea aldarrikatzea da. Finean, ofizialtasuna exijitzea.
Horretarako, 3.000 bandera independentista eta 10.000 zapi berde salgai dituzte jadanik Bilboko Inpernu arropa dendan. Dena dela, abenduaren 29an La Esperanza pilotalekuan eta Areatzan goizean saltokiak jarriko dituztela iragarri dute. «Arratsaldean, San Mames inguruetan ere egongo dira eskura zapi eta banderak».
Independentziaren gola
«Denon artean, ezkutatu ezingo duten eguneko golik hoberena sartuko dugu: Euskal Herriaren independentziaren aldeko gola». Hala iragarri du Independentistak Sarearen bozeramaileak. Haatik, ofizialtasunaren aldeko ekimenetan parte hartzeko eskatu die euskal independentista guztiei.
29ko futbol partidan «independentziaren gola» sartzeko deia
Euskal selekzioaren aldeko mobilizazioan eta partidan berdez jantzita joateko eskatu du Independentistak Sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu