Azaroaren hasieran Nafarroaz gaindiko 2x2 autobide proiektua baztertu zuela iragarri zuen Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidenteak, Sud Ouest egunkariari emandako elkarrizketa batean. Hala ere, iragarpen horri ez zion sinesgarritasun handirik aitortu errepide proiektuaren kontrako mugimenduak, hauteskunde girokoa zela iritzita. Ekintza zehatzak eskatu zizkioten Lasserri.
Nafarroako Gobernuak gaur egin duen iragarpenaren arabera, Pirinio Atlantikoetako agintariak egiazko urratsak egiten ari dira proiektuaren bazterketa gauzatzeko: Kontselu Nagusiaren biharko bileran 2003an autobidea eraikitzeko Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmena bertan behera uztea proposatuko du Lasserre presidenteak. Hala jakinarazi dio behintzat Nafarroako Gobernuari.
Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko batzorde iraunkorrak Urruñan (Lapurdi) egingo du bihar batzarra, eta bilkura horretan hartuko dute erabakia.
Foru Gobernua ez dator bat erabaki horrekin, eta Pirinioz gaindiko errepidea eraikitzeko asmoari eusten dio. Hala ere, Pirinio Atlantikoetako departamenduak bere zatia ez duela egingo ikusita, Sanzen Gobernuak uko egin dio hasieran iragarri zuten bezala Nafarroako Pirinioetako eskualdera arte autobidea egiteko proiektuari. Hasiera batean, Pirinio Atlantikoetan errepideak segidarik izan ez arren, Nafarroa Garaiko mugaraino egin egingo zutela ziurtatu zuen Gobernuak.
Azpiegiturak
2x2 errepidea eraikitzeko Nafarroarekin sinatutako hitzarmena bertan behera utziko du Pirinio Atlantikoetako departamenduak
Kontseilu Nagusiaren biharko bilkuran proposamen hori egingo duela jakinarazi dio Jean Jacques Lasserre presidenteak Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu