Autobidea, autobia, 2x2 errepidea edo gaur egun dagoen bidearen hobekuntza soilik. Hainbat izen, deitura eta ñabardura erantsi nahi izan diote Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean gaindi egin nahi duten errepide xedeari. Izena gorabehera, edukiaren mamua nabarmena da gizartean. Ikerketa abiatu denean, 37 herri edo herri arteko egiturak xedea bertan behera uzteko eskaria egin dute. Leia elkarteak 3.500 pertsonatik gora bildu zituen joan den larunbatean Donibane Garazin. Eskakizun bakarra zuten, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari zuzendua: ikerketa eta xedea bera bertan behera utz ditzan.
Ikertzen ari diren xede batek nekez eragin ditzake horrelako oldarrak. Alta, xedea ez da gaurkoa. 1998an Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak ikerketa bat abiarazi zuen Nafarroan gaindi autobidea egin zitekeen aztertzeko. Xede hura herritar anitzek gaitzetsi zuten berehala, Herriko Etxeek sostengaturik. Leia elkartea sortu zen borroka hura bideratzeko, eta hainbat mintzaldi, informazio bilkura eta manifestazio antolatu zituen.
Azkenean, xedea bertan behera geldituko zela adierazi zuen Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak. Lasserreren arabera, ezin zitekeen egitasmoa bete herritar gehienak kontra baziren, eta irmoki adierazi zuen ez zuela horrelakorik eginen, funtsean, Nafarroa Garaiko eta Espainiako gobernuen xedea Europako iparraldeko autobide ardatzarekin lotzea zelako, bertakoei neholako onurarik ekarri gabe ordainez.
Ikerketa
Alabaina, joan den urteko abenduaren 12an, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak Iruñea eta Saliese (Biarno) lotuko lituzkeen 2x2 errepidea egiteko xedearen ikerketa abiatzea bozkatu zuten. Ikerketa hori 1998an abiatutakoaren segida da. 2003ko martxoaren 12an hitzarmena izenpetu zuten Nafarroako Gobernuak eta Kontseilu Nagusiak. Hitzarmena pribatuki egin zen, prentsaren oihartzunetik urruti. Martxoaren 28an, Patrick Gandil Frantziako Garraio eta Errepideetarako ministroa Nafarroako ordezkaritzarekin bildu zen Iruñean. Iruñetik Peyrehoradera arteko errepidea egitarauan zegoen.
Apirilaren 23an, ikertzeko eskaintza publikoa egin zuen Kontseilu Nagusiak. Berantenik, 2004. urtearen hastapenerako bukaturik egon behar du ikerketaren lehen ataleko txosten teknikoak.
Ikerketaren eginkizunen pleguan 2x2 errepidea hartzen da aztergaitzat. Aldagairik ez dago. Ikerketa ibilbide jakin bati dagokio. Ipar Euskal Herrian Arnegitik sartuko da, eta Donibane Garazi eta Donapaleutik pasatu. Aldagaia Biarnon sartzen da, eta Saliesen edo Peyrehoraden bukatu. Departamentuko 933 errepidea 2x2 bilakaraztea da xede nagusia. Ikerketak ez dio ordezkorik ikusten Salbaterre eta Arnegi arteko ibilbideari.
Nafarroa Garaian bi aldaera egon daitezke abiapuntuari dagokionez. Lehena Iruñetik abiatuko da, eta Noaindik Luzaidera heldu. Bigarren ibilbidea, berriz, Iruñe hegoaldetik abiatuko da, eta Urrotz eta Orreagatik Luzaidera heldu. Txosten teknikoa egindakoan, berehala eska dezake erabilgarritasun publikoaren ziurtagiria.
Finantzabideari dagokionez, hiru diru iturri ditu egitasmoak: Nafarroako Gobernuak 500.000 euro jarriko ditu, Kontseilu Nagusiak bertze 500.000 euro, eta Europak, Interreg III programaren bidez, milioi bat euro. Alta, Akitaniako Kontseiluak ez du begi onez ikusten egitasmoa, eta helburuak zehazteko eskatu dio Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari. Anartean ez dizkie emanen Europako diru horiek. Horrela bada ere, Kontseilu Nagusiak egitasmoa betetzeko eskaintza plazara dezake, finantzamendu plana osaturik ez badago ere. Ikerketa 2x2 errepidea egiteko eskatu badute ere, ez da bermatu zer motatako errepidea eginen den. 1998ko txostenean zenbait aukera zeuden, hautatutako errepide motaren arabera.
Kopuruak
Arnegi eta Peyrehorade artean 2x2 errepidea gaur egungo errepideak hobetuz egiten bada 2010. urtean eguneko 7.200 ibilgailu pasako direla espero da (3.700 auto eta 3.500 kamioi), eta 2020. urtean 9.400 (4.400 auto eta 5.000 kamioi).
Bidesaria duen autobidea bada 2010ean 8.900 ibilgailu ibiliko direla espero dute (5.900 auto eta 3.000 kamioi). Gaurko errepideak zabalduz, bidesaririk gabeko 2x2 errepidea egitekotan, txostenak bertze aitzinikuspen batzuk ditu: 2010ean 12.400 ibilgailu ibiliko omen dira egunero.
Aurreikusitako kopuruek eta egitasmoa bera Becker Txostenaren aholkuen aurka doazela dio Leiak. Beckerrek itsaso eta tren garraioak sustatzea hobesten du. Gaur egun, Akize eta Irun artean 30 tren pasatzen dira egunero; Bordeleko geltokia 230 pasatzeko ere prestaturik dago. Garapen Kontseiluaren txostenak barnealdeko eta kostaldearen arteko loturak hobetzera aholkatzen du.
Alfontso Iriart Donibane Garaziko auzapez eta Herri arteko Sindikatuko lehendakariak ez du iritzirik aitzinatu nahi izan. «Hala ere, hartua dut eta Herri arteko Sindikatuaren hurrengo bilkuran adieraziko diet nire jarrera».
PIRINIOEZ GAINDIKO ERREPIDEA
2x2 errepidearen mamua
Kontseilu Nagusiak ikerketa agindu du bide berria egiteko, Leiaren eta hainbat Herriko Etxeren eskariari entzungor eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu