3 eta 7 urteko bi anaia hil dira gaur goizean Mutiloagoitin (Nafarroa), ustez amak pozoituta. Nafarroako Gobernuak agertu duenez, botikekin toxikatuta hil dira, eta amak eman dizkiela uste dute. Hildako haurren 12 eta 14 urteko anaiak Bideko Amaren erietxean daude; haiek ere pozoituta daude, eta horrez gain, laban zauriak dituzte. Hala ere, hiltzeko arriskutik kanpo daude. 40 urteko ama bere buruaz beste egiten saiatu da: bere buruari labanaz egindako zauri arinak ditu, eta horrez gain, gasa arnastu du. Dena den, ez du zauri larririk. Nafarroako Foruzaingoak atxilotu egin du A.J.M. semeen hiltzailea delakoan.
Bi anaia zaharrenek amak eraso diela agertu diete zaintzen ari zaizkien medikuei. Hala agertu du Bideko Ama erietxeko pediatren buruan. Lehendabizi labanaz eraso diela adierazi diete medikuei, eta ondoren Valium-aren egite bereko botikak eman dizkiela. Lau semeak Iruñeko Paz de Ziganda ikastolako ikasleak ziren.
Mutiloagoitiko Ezkibel kaleko etxe batean bizi zen A.J.M. lau semeekin, eta Nafarroako Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, buru osasuneko tratamenduan zegoen. Senarra eta biak banatzeko prozesuan ziren, eta semeen zaintza kenduko ziotenaren kezka zeukan.
Hain zuzen ere, senar eta hildako haurren aitari laguntza psikologikoa eman behar izan diote Bideko Amaren erietxean.
Sos Nafarroak 09:15etan jaso du gertatutakoaren berri, familiarteko bat jazotakoaz ohartu denean.
Gizartea
3 eta 7 urteko bi anaia hil dira Mutiloagoitin, ustez amak pozoituta
12 eta 14 urteko beste bi anaiak Iruñeko Bideko Amaren erietxean daude ingresatuta: toxikatuta daude haiek ere eta laban zauriak dituzte. 40 urteko ama bere buruaz beste egiten saiatu da, eta Nafarroako Ospitaleko dago. Foruzaingoak atxilotu egin du. Iruñeko Paz de Ziganda ikastolako ikasleak ziren hildako haurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu