Txertaketa plangintza aurrera doa Hego Euskal Herrian, eta talde immunitatea uda bukatu orduko lortzea aurreikusi dute agintariek. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak uztail amaierarako aurreikusi du 30 urtetik beherakoen txertaketa. Atzo bertan jakinarazi zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ere «bi aste barru» espero duela aurreko adin tartearen txertaketa amaitzea, 30 eta 39 urte artekoena, alegia; eta ondoren etorriko dela 20 eta 29 urte artekoena. Hori horrela, uda bukatu orduko txertatuko lituzkete gazteenak Hego Euskal Herri osoan.
Erasmusean doazenen txertaketarako orduak zeresana sortu du azken egunotan, beren ordua heltzen denean euretako zenbait jada beren helmuga herrialdera joanda egon daitezkeelako. Horren harira, kolektibo horren txertaketarekin hasi direla aurreratu du Indurainek. Jaurlaritzaren kasuan, horien txertaketa ez dutela aurreratuko jakinarazi du Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak, baina abuzturako txertatuta egon daitezen «ahalegina» egingo dutela gehitu du. Dena den, Eva Ferreira EHUko errektoreak txertoaren bi dosiak jaso arte beren helmuga herrialdeetara ez joateko gomendioa egin die ikasleei.
Adin tarte gazteenez gain, oraindik txertatu gabe daudenen plangintzarekin aurrera jarraitzen dute erakundeek. Egun Hego Euskal Herrian 30 eta 39 urte artekoak txertatzen ari badira ere, oraindik ez dute txertorik hartu adin tarte zaharragoetan: 60tik gorakoetan kasu. Nafarroan uztailerako horien txertaketa amaitzeko asmoa dute, Indurainek azalutakoaren arabera.Hala ere, 40 urte baino gehiago dituzten hamar pertsonatik bederatzik dosiren bat jaso dute Nafarroan. Gainontzeko hiru lurraldeetan ere 60 eta 69 urte artekoen txertaketa arintzeko asmoa dute. Osakidetzak jasoko dituen 300.000 dosiek horretan lagunduko dutela adierazi du Fernandezek.