2007 eta 2011 artean 300 etorkini baino gehiagori ustez egindako iruzur bat ikertzen ari da Bilboko Instrukzio Epaitegia. Bizkaiko SOS Arrazakeriak atzo jakinarazi zuenez, gutxienez 11 prozedura daude zabalik soilik Bizkaian, paperak lortu nahi zituzten kanpotarrei gezurrezko izapideak egitearen truke dirua kobratu zietelakoan. Atzerritarren Espainiako Legeak immigranteak «babesik gabe» uzten dituela baliatzea leporatu die salatuei SOS Arrazakeriak.
Paperik gabeko etorkinei egin zieten ustezko iruzurra, gizarte errotzearen bidez euren egoera erregularizatzeko asmotan zeudenean. Immigranteek aholkularitza edo abokatu bulego batzuetara jotzen zuten; han, lanpostu bat lortzea hitzematen zieten, eta lan kontratuaren bidez hemen bizitzeko eta lan egiteko baimena kudeatu ahal izango zutela ere esaten zieten. Gestio eta tramiteen truke 1.000 eta 2.000 euro artean eskatzen zieten kanpotarrei.
Baina agindutako lan kontratuak faltsuak ziren. Espainiako Gobernuak Bilbon duen azpiordezkaritzan kudeatzen dira dokumentuok, baina handik atzera botatzen zituzten, kontratuan ageri ziren enpresak ez zirelako existitzen, edota enpresa txikiak izanik ez zeukatelako kontratazioak egiteko gaitasunik; maiz, paperetan agertzen ziren enpresek ere ez zekiten kontratuotan haien izena erabiltzen ari zirenik.
Etorkinek kontuak eskatzen zituztenean, beste gezurren bat esaten zieten —administrazioaren hutsa zela, edo helegitea jarriko zutela—, edo mehatxu egiten zieten, paperik gabe zeudela gogora ekarriz. «Egoera irregularrean dauden pertsonak ahul eta prekario bihurtzen ditu Atzerritarren Legeak, eta abokatu, aholkulari edo enpresaburu horiek horretaz aprobetxatu dira», salatu du SOS Arrazakeriako kide Brigida Ridruejok.
Salaketa jarri duten gehienak gizonezkoak dira, euretako asko Senegalgoak dira, baina badaude Magreb ingurukoak eta Latinoamerikako batzuk ere ustezko iruzurra jasandakoen artean. Carlos Lorenzo abokatua kanpotarron «premia larriaz» mintzatu da: «Ez dituzte legeak ezagutzen, eta batzuetan hizkuntzak ere ez; errazagoa da horrelako egoera desesperatuan daudenak manipulatzea eta engainatzea».
Helduren falta
Eusko Jaurlaritzak Heldu zerbitzua eta etorkinentzako beste zenbait aholkularitza publiko kendu izanak egoera okertu duela ohartarazi dute SOS Arrazakeriako kideek. «Helduren hutsunearen ondorioz, egoera irregularrean daudenek ez daukate erreferentzia punturik, ezin dituzte eskaintzak erkatu, eta gehiegikeriei bide ematen zaie», esan du Ridruejok.
Alonsok erantsi du etorkinen babesgabetasuna, sozialaz gain, instituzionala ere badela. Haren ustez, erakundeek ez dituzte halako iruzurrak saihesten: «Administrazio polizialean eta judizialean badakite horrelakoak gertatzen direla, zigorrak ere badaude, baina ez dute ezer egiten etorkinak ohartarazteko».
300 etorkini ustez egindako iruzurra ikertzen ari dira Bizkaian
Lan kontratu eta baimen faltsuak tramitatzeagatik, 1.000 eta 2.000 euro artean ordainarazten zieten kanpotarreiSOS Arrazakeriak jakinarazi duenez, gutxienez 11 prozedura daude zabalik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu