Zadorra Bizirik plataformak Arabako ibaietan izandako isurketak ikertu ditu arrain ugari hil diren tokietan. Plataformak 2012 eta 2018 arteko datuak plazaratu ditu, eta kalkulatu dute 30.000 arrain eta karramarro inguru hil zirela Arabako ibaietan. Ez dago 2019 eta 2021 bitarteko isurketen daturik. Plataformak adierazi du ez dakiela isurketa horietatik zenbat zigortu dituzten: «Ez dugu uste asko izango zirenik».
Horretarako, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren arrain faunaren kudeaketari buruzko urteko txostenak aztertu dituzte. Txosten horietan, isurketen ondorioz hildako arrainen hainbat kasu jaso dituzte, batez ere 2014 eta 2017 bitarte.
Horretaz gain, 2019an Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak irekitako espedienteak ageri dira, 2012 eta 2018 artean egondako isurketengatik eta hildako arrainengatik zabaldutakoak. Herri plataformak egindako ikerketako datu guztiak bi informazio iturri horietatik datoz.
Arabako ibaien artean Zadorran izan da isurketa gehien: bost isurketa izan ditu zazpi urte horietan. Arakilen lau isurketa izan dira, eta Nerbioin, berriz, hiru. Baia izan da isurketarik izan ez duen ibai bakarra.