Egunotan etxebizitzen prezioari buruzko bestelako daturik jakin bada ere, Madrazok argi utzi zuen benetako kopuruak Jaurlaritzak berak eta Espainiako Sustapen Ministerioak emandakoak direla, eta, horien arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko merkatu librean %8 baino apur bat gehiago igo zen etxebizitzen prezioa. Hiru probintzia horietan babestutako etxeek merkatuaren %40 osatzen dutela gehitu zuen.
1.900, alokairuan eskaintzeko
Kopuru zehatzei dagokienez, aurten Eusko Jaurlaritzaren babespean egingo diren etxe horietatik guztietatik 1.900 alokairu merkean eskaintzeko izango direla nabarmendu zuen Madrazok. «Etxea erosteko beste dirurik ez daukaten familiek, eta gazteek batez ere, aukera izango dute aterpea hartzeko», adierazi zuen Etxebizitza sailburuak.
Jaurlaritzak egindako azterketen arabera, asko dira etxea erosteko dirurik izan daukatenak ez merkatu librean saltzen direnak, ez babes ofizialekoak edo etxerik erosi nahi ez dutenak. Horientzat guztientzat 1.900 etxebizitza ipiniko dituzte alokairuan hilabeteko alokairua 180 eurokoa izango da, batez beste: Etxebizitza Sailak berak 400 etxebizitza ipiniko ditu aurten errenta merkean; Visesa eta Alokabide elkarte publikoek bostehuna etxe, eta bestelako eragile publiko eta pribatuek beste 500 etxebizitza.Horiez gain, gaur egun hutsik dauden 1.500 etxe alokatzeko eskainiko dituzte; hutsik edo erabilita dauden beste 1.300 etxe erosi nahi dituztenei erraztasun guztiak emango dizkiete; eta, amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak hondatuta dauden edo arazoak dituzten beste 11.000 etxe berritzeko diru laguntzak emango ditu.Prezioei dagokienez, bestalde, Eusko Jaurlaritzak saltzeko egingo dituen etxebizitzak, batez beste, 108.000 eurotan salduko ditu.Aipatutako epean, bestalde, Administrazioak 6.500 etxe berri egiteko lur sailak erosiko dituela azaldu zuen sailburuak: hasteko, 2.000 etxe egiteko beste lur erosiko dute, Eusko Jaurlaritzaren Orubide elkarteak beste 3.500 etxebizitza egiteko; eta bestelako eragile publiko eta pribatuek babestutako beste 1.000 etxebizitza berri egiteko beharrezkoak diren eremuak erosiko dituzte.
Aurrekontuekin arazorik ez
Asmo horiek guztiak egia bihurtzeko, dirua beharko du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak. Madrazok argi utzi nahi izan zuen, Jaurlaritzak aurten iazko aurrekontuak luzatuta jardun beharko badu ere, ez dela «arazorik izango horren asmo handiko egitasmoa garatzeko».
Izan ere, Sailaren ardura hartu zutenean bere taldeak kudeatu behar izan zuen diru kopurua 83 milioi eurokoa izan zela gogoratu zuen Madrazok. Iazko kontuak gaur egungo balioetara egokituz gero, erabiltzeko izango duten kopurua, gutxi gorabehera, 132 milioi eurokoa izango dela gaineratu zuen. Hori bai, urteko ekitaldia amaitu aurretik, dirutza hori 140 milioi izateraino igo daitekeela uste dute Etxebizitza Saileko arduradunek.Zozketak direla eta, bestalde, Madrazok argi utzi zuen hemendik aurera Etxebide elkartearen ardurapean banatuko direla babes ofizialeko etxe guzti-guztiak, nola Eusko Jaurlaritzak berak zuzenean egindakoak, halaeragile pribatuen bidez eraikitakoak.
«Amaitu dira eragile pribatuek etxebizitza eurek gura zutenei ematen zizkieten garaiak, edo babes ofizialekoak izanda ere, etxeak hartzeko gainprezioa ordaindu behar zirenekoak», nabarmendu zuen sailburuak.Madrazok Ezker Batuak Jaurlaritzan egindako lana goraipatuz amaitu zuen agerraldia. Esan zuenez, berak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ardura hartu zituenetik «hirukoiztu egin da urtero zozketan sartzen diren etxebizitzen kopurua». Sailburuak nabarmendu zuenez, «Ezker Batukoak Jaurlaritzan gaudenetik erakutsi dugu agindutakoa bete dugula».
-
Etxebizitzen zozketa
2004. urteko zozketak
Kopurua: Eusko Jaurlaritzak, guztira, 3.011 etxe zozkatuko ditu aurten. Zozketak bigarren hiruhilekoan hasiko dituzte, eta gehienak udaberria eta uda bitartean egingo dira.
Kudeaketa: Etxebide elkarteak bere ardurapean hartuko ditu aurten, lehenengoz, merkatuan ipiniko diren babes ofizialeko etxe guzti-guztiak, nola Eusko Jaurlaritzak berak egindakoak, hala eragile pribatuen bidez eraikitakoak.
Baldintzak: Aurten egingo diren zozketetan 2003. urteko azaroaren 28a baino arinago egindako eskariak sartuko dira. Eskaera egiten dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: 2003. urteko Errenta Aitorpena, errolda agiria eta baita bestelako etxerik ez duten ziurtatzen duen agiria ere.
Etxebide: Etxebidek aurton zotz egingo dituen etxebizitza sozial guztiak errentan hartzeko izango dira. Bestalde, babes ofizialeko etxe guztiak eremu eskubidea motakoak izango dira.
Aurrekariak: Etxebidek azken sei urteetan babes ofizialeko 11.668 etxebizitza banatu ditu zozketan. Jabier Madrazok epe bi bereizi zituen tarte horretan: 1999. eta 2001. urteen artekoa mila etxebizitza inguru zozkatu ziren urtero eta 2002 urtetik aurrerakoa 2.800 etxe zozketatu ziren urtero.
herrialdeka
Araba: Guztira 1.151 zozketatuko dira Araban. Horietarik 411 sozialak izango dira, 740 babes ofizialekoak, 659 alokairuan ematekoak eta gainerako 492 azalera-eskubidea motakoak.
Bizkaia: 1.319 etxebizitza zozketatuko dituzte: 279 sozialak izango dira, 1.040 babes ofizialekoak, 279 alokairuan hartzekoak eta beste 1.040 azalera-eskubidea motakoak.
Gipuzkoa: Gipuzkoan, amaitzeko, 541 etxe sartuko dira zozketan: 248 sozialak izango dira, 293 babes ofizialekoak, 248 alokairuan ematekoak, eta gainerako 293 azalera-eskubidea motakoak.