'zure ziztada behar dugu'

31 idatzi udan gozatzeko

Idazleen ekarpenari esker, 'Letra haurrideak' liburu elektronikoa osatu du BERRIAk. 'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin bat egin dute idazleek.

2012ko uztailaren 28a
21:19
Entzun

31 idazlek BERRIAren Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egin, eta idatziak prestatu dituzte. BERRIAk haiek denak bildu ditu, eta Letra haurrideak liburu elektronikoa osatu du. Kultura munduko gainerako arloetakoek bezala, idazleek ere euren atxikimendua erakutsi diote BERRIAri eta bat egin dute BERRIAlagunen komunitatean.

Liburuan parte hartu duten idazleak: Ur Apalategi, Uxue Apaolaza, Pako Aristi, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Arrate Egaña, Lutxo Egia, Angel Erro, Iratxe Esnaola, Hedoi Etxarte, Oier Guillan, Joan Mari Irigoien, Karmele Jaio, Edorta Jimenez, Goizalde Landabaso, Hasier Larretxea, Itziar Madina, Miren Agur Meabe, Josu Penades, Fito Rodriguez, Ixiar Rozas, Beñat Sarasola, Bixente Serrano Izko, Castillo Suarez, Kirmen Uribe, Ana Urkiza, Iban Zaldua, Markos Zapiain, Harkaitz Zubiri eta Patxi Zubizarretak.

Idatzietako batzuk musikaz lagundutako errezitaldian entzun ahal izan ziren apirilaren erdialdean Bilboko Kafe Antzokian. Ekitaldi hartan bederatzi idazleren lanak ezagutu ziren. Orain, horiek eta gainontzeko guztiak, liburu elektronikoan bildu eta irakurleen eskura jarri ditu BERRIAk (PDFan eta ePub-en).

Prentsa idatziaz idazteko eskatu zien e-liburu honetan parte hartu duten idazleei, norberak hautatutako generoan eta norberak nahi duen ikuspuntutik, luze-laburrean neurri jakin batzuk errespetatuz. Prentsa idatziaren balioak eta onurak, kezkak eta arriskuak, mozdadeak eta gehiegikeriak, abenturak eta kalenturak jorratu dituzte, 31 piezako mosaiko plural eta heterogeneoa osatuz.

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina

"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.

Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.

Zure ziztada behar dugu kanpaina bigarren fasean da, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Dagoeneko hiru mila pasa erdietsi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.