Donostiako Epaitegiak urtebete eta bededatzi hilabeteko kartzela zigorra jarri dio gizonezko bati, 32 urtean emazteari -ezkonduta izan ziren garaian- maiz tratu txar fisiko eta psikologikoak eragin zizkiola egotzita. Epailearen arabera, "erasoak egiten zizkion, irainak eta mehatxuak", eta etxean gauzak hausten zituen. Halaber, epaiak dio gizonezkoak bi seme-alabei ere eragin zizkiela tratu txarrak, "jarrera tiranoa eta diktatoriala izanda".
Emakumezkoari eta seme-alabei lau mila euroko kalte-ordaina ematera behartu du epaileak, eta ezingo du haiekin hitz egin datozen hiru urteetan. Urruntze agindua ere ezarri dio, baita 420 euroko isuna ere.
"Pertsona bezala emaztea ezabatu egiten zuen", dio epaiak. "'Ez duzu ezertarako balio, lanerako baino ez!', esaten zion, irainak egiten zizkion eta altzariak-eta jotzen zituen bitartean. Batzuetan, gainera, bultzakadak, ostikoak eta muturrekoak ematen zizkion". Epaiaren arabera, kolpeak eta ubeldurak izan arren, emakumezkoa ez zen behin ere joan osasun zentro batera.
Seme-alabak "umiliatu" egiten zituen, halaber. Alabak, 25 urte zituela, utzi egin zuen etxea, "horrenbesteko indarkeria eta liskarra ez zituelako aguantatzen".
emakumeen aurkako indarkeria
32 urtean emazteari tratu txarrak eragin, eta 21 hilabeteko kartzela zigorra
Donostiako Epaitegiaren arabera, gizonezkoak emakumezkoari ezkonduta izan ziren garaian maiz egin zizkion "erasoak, irainak eta mehatxuak". Lau mila euroko kalte-ordaina eta 420 euroko isuna ere ezarri dizkio epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu