OSASUN ARLOA

3.335 postuko lan eskaintza adostu dute Osakidetzak eta gehiengo sindikalak

Mahai sektorialean, Osakidetzak enpleguari buruzko akordio zirriborroa aurkeztu die sindikatuei. SME, SATSE eta UGTk babestu dute hitzarmena. Akordioarekin kexu azaldu dira ELA, LAB eta CCOO.

Osakidetzaren lan eskaintza publikoa, 2015ean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 23a
10:49
Entzun

2016-2017ko lan-eskaintza proposamena, lekualdatze lehiaketa, kontratazio puntu batzuk eta lantaldeari buruzko konpromisoak izan dituzte mahai gainean. Bertan, Osakidetzako zuzendaritzak eta SME, SATSE eta UGT sindikatuek adostu dute 3.335 lanpostuko eskaintza publikoa egitea. Aurreakordioa Osakidetzako Administrazio Kontseiluak berretsi beharko du datorren astean, azterketa deialdia abiatzeko izapideei hasiera eman aurretik. Osakidetzak nabarmendu duenez, eskaintza Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren "esfortzu eta borondate irmoagatik" lortu da: "Horri esker, lan egonkortasuna areagotu eta behin-behinekotasuna gutxituko da Euskal Osasun Sisteman".

Txanda irekian, 3.033 lanpostu eskainiko lirateke 21 kategoria profesionaletan, eta barne sustepenean, beste 302 lanpostu. Lekualdatze lehiaketei dagokienez, 2016ko akordioa aldatzea eta LEPeko lanpostuen % 90 ateratzea eskaini dute, baita lekualdatze lehiaketa ireki eta etengabeak egiteko sistema berri bat sortzeko konpromisoa ere, 2018tik aurrera ezarriko litzatekeena.

Aurreakordioarekin kritiko agertu dira ELA, LAB eta CCOO. ELAren iritziz, Osakidetzak aurkeztutako lan eskaintza publikoak %35etik gora mantenduko du behin-behinekotasuna: "2010etik lehen aldiz behin-behinekotasuna murriztuko du, baina %8tik behera jaisteko beharrezko ziren 10.000 lanpostuetatik urrun egongo da". Hala ere, balioa eman dio behin-behinekotasuna 1.300 lanpostu garbitan murrizteari. Gainera, ohartarazi du Osakidetzak "zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa berriz ere urratuko duela". Edonola ere, negoziatzeko borondatea adierazi du.

CCOOk ere ez du onartu proposamena: "Desadostasuna eskaintza osoari buruzkoa da, ez soilik kopuruei buruzkoa. Ez du ezertarako balio lan eskaintza publikora deitzea kategoria guztietarako, ez bazaio uko egiten zerbitzuak pribatizatzeari". Sindikatuak Osakidetzari egotzi dio "gardentasun faltaz" jokatzea lantaldeari eta kontratazioari dagokienez. Hortaz, esan du CCOO ez dela "fio horrelako eskaintza zehaztugabearekin".

LABen iritziz ere, Osakidetzaren eskaintza "ez da nahikoa enpleguari buruzko akordioa lortzeko" Aurrerapausotzat jo du Osakidetzak egindako eskaintza, baina LABen ustez, ez da nahikoa. Hainbat ataletan "hobekuntzak" eskatu ditu: zehazki, lanpostu gehiago eskaintzea, legegintzaldiko hurrengo LEPa zehaztea eta lantaldeari buruzko konpromisoak zehaztea "denboran eta kopuruan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.