34 urteko gizonezko bat espetxeratu dute, emaztearengandik urrun egoteko agindua urratu, eta andrea jotzea eta bahitzea leporatuta.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, Gautegiz Arteagan (Bizkaia) gertatu zen erasoa, asteazken gauean. Gizonezkoak emaztearen etxeko atea bortxatu zuen, eta barrura sartu zen andrea alabarekin lo zegoen bitartean. Indarrez etxetik aterarazi zuen, eta auto batean sarrarazi. Lekeitio alderako bidea hartu zuen, eta bidean zihoazela, jo eta iraindu egin zuen emaztea. Halaber, hiltzeko mehatxua egin zion. Azkenean, joaten utzi zion emakumezkoari.
Osasun zentro batean artatua izan ondoren, gertatutakoa salatu zuen emazteak. Ustezko erasotzailea atxilotzeko lanak abian jarri zituen Ertzaintzak, eta atzo goizeko zazpiak aldera atzeman zuten. Espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, eta Basauriko kartzelan sartu dute.
Azarotik emaztearengandik urruntzeko agindua zuen gizon horrek, heriotza mehatxuak egin zizkiola-eta.
Emakumeen kontrako indarkeria
34 urteko gizon bat espetxeratu dute Gautegiz Arteagan emaztea bahitzea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu