Bizitza osoa «zalantzaz eta ezinegonez» igaro ondoren, egia jakiteko urrats bakar batera dago Mercedes Okariz. 1977ko uztailaren 3an haur bat izan zuen Donostiako Martin Santos klinikan, baina lapurtu ziotelako susmoa eduki izan du beti. Salaketa ipini zuen iazko apirilean, eta epaileak gorpua hobitik ateratzeko agindua eman zuen orain gutxi. Bada, atzo goizean elkartu ziren Donostiako Polloe hilerrian hilkutxa irekitzeko, eta konparaketa genetikoak egingo dituzte orain —DNA probak—: hilabete inguru barru emango dute emaitzaren berri.
Denbora asko igaro da Okarizek haurra izan zuenetik, baina azken urteetan areagotu egin zaio umea lapurtu ziotelako ustea. Aurrez beste sei umeren ama zen, baina aldi horretan erditze arraroa izan zuen. Mediku bakarra alboan zuela, behar baino injekzio gehiago jaso zituen, eta ez zioten inolako sinadurarik eskatu. Irregulartasun horiengatikipini zuen salaketa. Erabakia hartzea ez zaio erraza gertatu Okarizi, baina egia jakinda lasaiago biziko dela uste du.
Flor Diaz da SOS Ume Lapurtuak elkarteko presidentea, eta, BERRIAri adierazi dionez, pozik dago Okariz familiak egia jakingo duelako: «Mercedesek [Okariz] oso gaizki pasatu du, atzo ere lur jota zegoen, eta ea haurra berea zela esaten dioten». Hala ez bada, salatzailea bere benetako alaba bilatzen saiatuko da. Nork hazi duen eta nolakoa den jakitea gustatuko litzaioke. «Guretzat lorpen izugarria da honaino iristea. Justizia bere bidea egiten ari dela ikusten ari gara», dio Diazek.
Lehenengo zalantza argitu izango zuen atzo Okarizek, hilkutxaren barruan hezurrik ba ote zegoen edo ez ikusita. Izan ere, gerta zitekeen kutxa hutsik sartzea panteoiaren barruan. Alegia, amari haurra hil egin zela esan eta beste bati saltzea, ustez haren haurra hilobiratu bazuten ere. Hezurrak barruan zeuden edo ez, hala ere, ez du jakin nahi Diazek hilabete pasatu arte: «Nik ez dakit haurra barruan ote zegoen, ez eta jakin nahi ere. Mercedesi [Okariz] apropos ez diot galdetu, berak bakarrik hausnar dezan».
Donostiakoa ez da izan Hego Euskal Herrian hilobitik atera duten lehenengoa. Iazko irailean Bilbon ipini zuen salaketa emakume batek, eta epailearen aginduz gorpua hobitik atera zuten. Gerora, ginekologoa deitu zuen deklaratzera, eta konparaketa genetikoak egin ere bai. Emaitzaren zain daude orain.
Diazen ustez, egoera hobera egiten ari da apurka-apurka: «Halako kasu gehiago egongo dira, hori ziur, familia asko daudelako egiaren zain. Hainbat salaketa egon dira, eta epaileek Donostiako bide bera urratzea espero dut».Hori bai, adierazi du oraindik ere ez dutela jaso inolako baimenik. Bilboko eta Donostiako kasuek familia asko eta askori itxaropena zabaldu die.
Guztira 600 kasu inguru daude egun, eta horietatik herenak daude EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren esku. Araban 31 kasu daude, Bizkaian 48 eta Gipuzkoan 120.
«Instituzioen laguntzarik ez»
Ez dira kasu gutxi, eta erakundeen laguntza urria da, Diazen arabera. Eusko Jaurlaritzak dioenez, biktima guztiei eman beharreko arreta arazorik gabe eskaintzen du, baina Diazek gogor kritikatzen du hori: «Instituzioek eskaintzen diguten zerbitzuak ez digu batere laguntzen. Egia da psikologo batzuen laguntza ematen dutela, baina ez behar adinakoa. Guk gehiagoren beharra daukagu». Diazek eurekin lan egingo duten psikologoak nahi ditu taldean: «Guztiak ongi funtziona dezan, gure bileretara etorri beharko lukete, talde terapia osatu... Baina ez da halakorik gertatzen».
34 urtera, egia jakiteko prest
Haur lapurtuen kasua dela eta, gorpu bat hobitik atera dute Donostian, konparaketa genetikoa egin eta irregulartasunik ote dagoen aztertzeko. Hegoaldean hilobitik ateratako bigarrena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu