Hobera egiten ari dira oraindik ere pandemiaren eboluzioaren inguruko datuak. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 347 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian: joan den martxoaren 14tik izandako daturik apalena. Dena den, kontuan izan behar da asteburuetan astean zehar baino proba gutxiago egiten dituztela osasun zerbitzuek.
Atzo, zehazki, 7.583 test egin zituzten denera, eta, ondorioz, %4,4koa izan zen positibo eman zuten proben kopurua. Hirugarren egunez jarraian, zifra hori %5eko tasa baino apalagoa da, alegia, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean izateko jarri duen gehienezko tasaren azpikoa.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 176. Gipuzkoan, egoerak nabarmen egin du hobera, baina atzo ere 80 positibo atzeman zituzten. Nafarroan 66 izan ziren, eta Araban, 23.
Ospitaleei dagokienez, Osakidetzak beste 28 ospitaleratzeren berri eman zuen, eta Osasunbideak eman zuen albiste ona: Nafarroan, atzo, ez zuten inor ospitaleratu COVID-19aren ondorioz, lehen aldiz martxoaren 1etik. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 166 lagun daude oraindik, atzoko berberak.