Herriko tabernen auziaren ahozko epaiketa amaitzear dela, sumarioaren balorazioa egin dute EAJk eta Amaiurrek. EAJren arabera, epaiketaren prozedurak ez du "gutxieneko oinarri juridikorik" izan. Ondorioz, uste du auzia artxibatu beharra zegoela, horrek "justiziaren agintea eta prestigioa berreskuratzen lagunduko zuelakoan". EAJren iritziz, hori "lagungarria" izan liteke "Euskadiko bake eta normalizazio politikoak aurrera egiteko prozesuan".
"Oraindik ere uste dugu dena da ETA printzipio hori aplikatzeak ez duela inolako zigor oinarri juridiko arrazoiturik, eta salbuespen egoeran erabili izana zuzenbideaz kanpoko arrazoi politikoek gidatua izan dela uste dugu. Ondorioz eskatzen dugu sorburu politikoa izan duen praktika judizial hau ixteko", adierazi du EAJk ohar baten bidez.
Amaiur, BNG eta ERCk, berriz, 35/02 sumarioaren aurkako manifestua irakurri dute Espainiako Kongresuan. "Bakerako urrats gisa", auzipetuak errugabetzeko eskatu dute: "Nahikoa argudio eta tresna juridiko daude prozesu judizial hau bakerako aurrerapauso bat izan dadin, oztopo bat izan beharrean".
Amaiurreko diputatu Rafael Larreinak nabarmendu du epaiketan frogatutako ekintzak "jarduera politikoak" direla.