Apirilak 28
Ez da baztertzen
Ez da baztertzen hau eta hau gertatu dela. Egiaztatu gabeko informazioa emateko modu klasikoa da, ez dela baztertzen esate hori. «No se descarta», gaztelaniaz. Noticias de Gipuzkoa-k erabili du, eguneko editorialean kamuflatuta informazio (?) deigarria emateko: Espainiako Gobernua beste negoziaziorik ez duela bultzatuko esaten ari da, «baina ezin da baztertu dagoeneko erakunde terroristak su-etenari buruzko agiri bat helarazi izana [Gobernuari], zazpi hilabetean tasatua gainera. [...] Agian ate guztiak ixtea eragozteko, atxiloketa garrantzitsuen ekimen bat geldiarazi dute berriki». Ez da baztertzen egia izatea, ezta ez izatea ere.
Apirilak 29
Aurkia eta ifrentzua
Aliatu zintzoenei besarkadak emanez eta egindakoarekin harro dagoela esanez badoa Juan Jose Ibarretxe, herri galdeketara deituko zuela behin baino gehiagotan agindu arren galdeketarik egin gabe erretiratuko den lehendakaria baina, aldi berean, gatazka politikoaren funtsa -subjektu politikoen arteko talka- orain arte beste inork baino argiago ikustarazi duen agintaria, bere ekimenen ondorioz Espainiako Gorteek Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politiko Berria arbuiatu zutenean, Espainiako subiranotasun bakar eta zatiezinaren argudioarekin, eta Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketaren legea debekatu zuenean, argudio berberarekin.
Guantanamo
Nahi dituen argudio juridikoak emango ditu nola den posible azaltzeko, baina ez esan bitxia ez denik Baltasar Garzonek Guantanamoko torturei buruzko auzibidea zabaltzea, berak aginduta atxilotutakoek inkomunikazio aldiaren ondoren bere aurrean torturak salatu izan dituztenean, tortura salaketak Auzitegi Nazionalari ez dagozkiola argudiatuta lurraldean lurraldeko auzitegi arruntean salatzeko erantzuten duenean berak, Auzitegi Nazionaleko beste juje guztiek bezala.
Apirilak 30
18/98ko biktimak
Jose Luis Elkoro, 74 urte, berriro atxilotu eta espetxeratu dute, egunkari bateko administrazio kontseiluko presidente zenez-eta ez beste ezergatik- ETAko kide zela ebatzi baitzuen Auzitegi Nazionalak, eta berretsi orain Auzitegi Gorenak. Egunkari bat, Egin, argitaratzen zuen enpresako buru izateak eraman du kartzelara, beste garai batean alderdi politiko bateko zuzendaritzako kide izateak eraman zuen bezala. 36 lagun dira, guztira, 18/98 auziagatik kartzelatutakoak, Auzitegi Gorenaren behin betiko erabakiz, azken epaiaren berri oraindik eman ez badu ere. Eskubide zibil eta politikoen aurkako 36 atentatu dira, 36 horietatik inori ere ez baitiote indarkeriarekin zerikusirik duen ezer leporatzen, lan politikoarekin edota kazetaritzarekin zerikusia duten jarduna baizik. Indarkeria bidegabea, aitzitik, 36 euskal herritar hauek kartzelara bidali dituenak baliatu du, besteak beste oraindik libre zeudenen etxeetara -edo ospitalera, Juan Pablo Dieguez ebakuntza egin berriaren kasuan- goizaldean guardia zibil armatuak bidalita, gaizkileak balira bezala Martuteneko edo Basauriko espetxera eramateko, gerora Espainiako auskalo zein kartzelatara eramateko, Euskal Herritik auskalo zenbat kilometrora.
Gaitzerdi, 36 beharrean 45 ez direnean. Ekin ataleko Natale Landa zigorrik gabe aske gelditu da, eta Joxemi Zumalabe Fundazioko bederatzi auzipetuetatik zortzi ere bai -Carlos Trenorrek espetxean jarraitzen du, Orain atalean ere auzipetu eta zigortu zutenez-. Errugabe direla erabaki du Auzitegi Gorenak, ETArekin zerikusirik ez dutela, hain zuzen ere ETAko kide edo laguntzaile izateagatik hainbat hilabetez giltzapean eduki eta gero, Espainiako auzitegiek behin-behineko espetxeratzea erabiltzen duten modu bidegabearen eta neurrigabearen seinale.Iñaki O'Sheak 24 hilabete egin ditu kartzelan, Mikel Aznarrek 19, Natale Landak 16, Sabino Ormazabalek 8, Mikel Zuluagak 7 eta Olatz Altunak 6 eta erdi; Fernando Olalde bi aldizatxilotu dute, eta Mario Zubiaga nahiz Alberto Frias, behin. Nahastu egin ziren. Barkatueragozpenak.
Maiatzak 1
Nor bere kasa
Ez da huskeria, ikuspegi politikotik, ELAk eta LABek beste sindikatu abertzaleekin batera indarrak batzea hilaren 21ean greba orokorrera deitzeko, baina ez da esanahirik gabea, neurri berean, greba orokorraren egun handirako bidean maiatzaren leheneko ekitaldietan sindikatu abertzaleak nor bere kasa agertzea, norbere diskurtsoekin, ekintza batasunaren arrastorik erakutsi gabe. Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak, joan den asteko Argia-n: «Uneotan ez dago elkarlan indartsu baterako baldintzarik»; eta aurrerago: «Jendeari ilusioa piztea globo bat puztea bezain erraza da, baina puztu eta puztu, globoa lehertu egiten da, eta zer gelditzen da gero?».
36 atentatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu