367.000 eurotan erositako bi etxe eta 154.000 euro ditu Patxi Lopezek

PSEko legebiltzarkideek ondasunen berri eman dute; Lopezek 65.564 euroko soldata du, eta Egigurenek, 51.425ekoa

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
PSE-EEk bere legebiltzarkideen ondasunen berri eman du Facebook sare sozialaren bidez, herritarren aurrean «gardentasunez» aritzeko helburuarekin. Patxi Lopez lehendakariak bi etxebizitza dituela deklaratu du: 2001ean 126.000 eurotan erositako apartamentu bat, eta 2004an 241.000 euroren truke erositako etxebizitza. Etxeak ordaintzeko duen mailegutik, 15.000 euro falta zaizkio ordaintzeko. Horrez gain, 43.985 euro ditu lau kontu korrontetan, 110.000 euro epe finko baterako gordailuan, eta BBVAren mila akzio. Akzio horien balioa ez du zehaztu Lopezek. Lehendakariaren soldata 65.564 eurokoa da.

Jesus Egiguren PSE-EEko lehendakari eta legebiltzarkideak 51.425 euro jasotzen ditu urtean soldatan. Horrez gain, jakinarazi du El Pais Aguilar argitaletxearekin 30.000 euroko kontratua egina duela, eta oraindik ez duela diru hori jaso. Bi etxebizitza ditu Egigurenek ere. 2004an erositakoa bat, eta 2008an erositakoa bestea. Horien balioaren berri ez du eman. Ezta 1998an eskuratu zuen larre-lurrarena ere.

Hiru kontu korronte, eta lau mailegu ditu Egigurenek. Kontu korronteetan izaten duen dirua 6.500 bat eurokoa izaten dela azaldu du. Maileguei dagokienez, 2004an eskatu zuen bat, 2008an beste bat, eta bi 2010ean; guztira, 674.156 euro. Horietatik, 639.734 euro ditu ordaintzeko.

Jose Antonio Pastor Legebiltzarrean PSE-EEko bozeramaileak hilero jasotzen duen soldataren berri eman du: 4.093 euro. Bi etxebizitza ditu Pastorrek ere; 2002an emaztearekin erdibana erosteko 180.000 euro ordaindu zuena, eta 2004an bigarren etxearen erdia 120.000 eurotan erosi zuena. 2001ean 320.000 euroko mailegua eskatu zuen, eta 68.000 euro falta zaizkio zorra kitatzeko.

Pastorrek berak azaldu du legebiltzarkideen ondasunen berri emateko PSE-EEk hartu duen erabakiaren zergatia. «Gardentasunez» jokatzeko eta «demokrazia birsortzeko» hartutako erabakia izan dela adierazi du. Legeak ez dituela ondasunen berri ematera behartzen nabarmendu du, eta, beraz, legebiltzarkideek bere borondatez hartutako erabakia dela, «herritarrek jakin dezaten ezkutatzeko ezer izan gabe ari garela politikan, herriarentzat onena dela uste duguna defendatzen».

Hemendik aurrera ondasunen berri emango dutela jakinarazi du, gainera. Azken urteetan hainbat politikari iruzurrarekin nahastuta egon izanak politikarien lana desitxuratu egin duela ohartarazi du, eta herritarrek politikariengandik duten iritzia aldatu beharra dagoela.

Deia gainontzeko alderdiei

Hortaz, PSE-EEk esan du «koherentziaz» jokatuko duela, eta «gardentasun berarekin» joka dezatela eskatu die Eusko Legebiltzarreko gainontzeko taldeei; horiek ere bere ondasunen berri eman dezatela. PSE-EE jardun hori arau bihurtzen saiatu zen Legebiltzarrean, baina ez zuen behar adina babes izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.