36ko gerra

36ko gerrako eta diktadurako 137 hildako identifikatu dituzte

297 pertsonaren profil genetikoa ere lortu dute. EHUren Biomics ikerketa taldea hamar urtean aritu da lanean

Ezkerretik eskuinera Tamara Kleinbielen, Eva Granizo, Miriam Baeta, Caterina Raffone eta Marian Martinez de Pancorbo. EHU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 3a
20:59
Entzun

EHUren Biomics ikerketa taldeak 36ko gerratik edo Francoren diktaduratik hobiratuta zeuden 137 hildako identifikatzea lortu du, DNA proben bidez. Gainera, beste 297 pertsonaren profil genetikoa ere lortu dute, baina oraindik ezin izan dituzte identifikatu, senideen DNAk falta zaizkielako. Aranzadiren, Gogora institutuaren eta biktimen elkarteen laguntza eduki dute.

Marian Martinez de Pancorbok gidatutako taldea hamar urtean aritu da gorpuzkiak ikertzen. Hezurretatik eta hortzetatik ateratzen dituzte laginak, eta, behin DNA lortutakoan, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertzen dituzte, senidetasun motaren arabera. Analisi genetiko horien helburua da gorpuzkien profila lortzea senideenarekin edo desagertutako senideak dituztenen DNA bankuko datu baseko laginekin alderatzeko. Kasu guztiak dira desberdinak: aitaren bidetik aztertu nahi badute, Y kromosoma aztertzen dute; amaren bidetik, ordea, DNA mitokondriala aztertu behar dute.

Zailtasun ugari izan dituzte lanerako. Batzuetan, urteen poderioz, hondatuta iritsi zaizkie gorpuzkiak. Besteetan, gorpuzkien DNA lortu arren, ez dituzte gertutasun nahikoa duten senideak aurkitu. Izan ere, urteak igaro ahala, zuzeneko senide gutxiago dago –informazio genetiko gehiena ematen dute –

Normalean erabili ohi diren metodoak ez dira nahikoa diskriminatzaileak, pertsona horien guztien gorpuzkiak identifikatzeko. EHUren ikerketa taldeak erakutsi duenez, analisi genetikoak tresna eraginkorra dira biktimak identifikatzeko. Gainera, aurrerapen teknologikoek ondorioz, DNA mitokondrialaren zati txikiagoak aztertzen dituzte. Horrela, lehen bereizketa bat egin daiteke, amaren aldeko erlazioak baztertzeko. Hau da, errazagoa da jakitea amaren aldetik familia erlaziorik ez dagoela.

Orotara, 525 pertsonaren gorpuzkiak aztertu dituzte, baina %17tan ezin izan dute profil genetikoa atera, laginen DNA kaltetuta zegoelako.

Milaka desagertu

Oraindik, milaka pertsona daude desobiratu eta identifikatzeko. Izan ere, hainbat azterketaren arabera, 114.000 pertsona desagertu ziren Espainian, Hego Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan 36ko gerran eta Frankoren diktaduran. 80 urte igaro ondoren, biktima horien ehuneko txiki bat baino ez dute berreskuratu eta identifikatu. Hain zuzen, ere, azken hamabost urteetan, 9.000 hildakoren gorpuzkiak berreskuratu dituzte, 700 hobi komunetatik –2.000 baino gehiago daudela pentsatzen dute–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.