Sastraka arteko eremu batean aurkitu dute lubakitutako lur eremua, gudako aztarna garrantzitsuekin: mauser fusileko balak, pistolako balak, bonba zatiak... Tartean bada lehertu gabeko granada bat ere, eta horregatik ohartarazi dute kontuz ibili behar dela. Gaur arratsaldean eman dute aurkikuntzaren berri, Lasarte-Oriako udaletxeko bilera gelan. Islada Ezkutatuak taldeko kideak mintzatu dira, eta hainbat udal ordezkari: Lasarte-Oriakoak, Donostiakoak —bertakoak dira trintxera agertu den lurrak— eta Zubietako herri batzordekoak.
Ikertzen jarraitu ahala, aurkikuntza gehiago egin daitezkeela azaldu dute Islada Ezkutatuak taldeko kideek. 2012an hasi ziren batzen, 11 lagun elkartzen dira, eta 36ko gerran zein frankismoan egindako krimenen inguruko oroimena berreskuratzea dute helburu. Hainbat lan egin dituzte asmo horrekin, eta aurkikuntza hau ere aski urrats garrantzitsua da.