Memoria historikoa

36ko gerran hildako CNTko kide baten gorpua atera dute Larrabetzun

Ramon Portillo CNTren Celta batailoiko kidearena da Urkulu mendian topatutako gorpua. Haren senideak ere izan dira ekitaldian.

Inigo Astiz
2016ko urtarrilaren 16a
09:57
Entzun

“Negar asko egin dut. Korapilo ikaragarria izan dut bi egunez, eta orain hezurrak ikustean badirudi baretu dela”. Egun gutxian inarrosaldi handia izan dute etxean, Blanca Alba senideak azaldu duenez. Metal detektagailu batekin 64160 zenbakidun gudari plaka eta gorpuzki batzuk topatu zituzten asteazkenean Larrabetzuko Urkulu mendian, eta, horri esker, ostegunean bertan identifikatu ahal izan zuten gorpua Aranzadi zientzia elkarteko eta Karraderan elkarteko kideek: Ramon Portillo CNTren Celta batailoiko kidearenak ziren hezurrak. 18 urterekin hil zen, 1937ko ekainean. Orain bi egun jaso zuten deia haren senideek, eta gaur goizean atera dute gorpua lurpetik.

1937ko ekainaren 11n egin zuten tropa frankistek Urkulu mendian ziren gudarien aurkako eraso nagusia, Aranzadi zientzia elkarteko kideen hitzetan, ordea, ordurako hila zen Portillo. Aire erasoen edo frankisten tiroen ondorioz, ziur aski. Kidearen gorpua apur bat ehorzteko aukera eman zien horrek batailoiko kideei, eta harri multzo baten pean topatu dituzte horregatik haren hezurrak. Ekitaldi amaieran, harri horietako batzuk eman dizkie senide eta sindikatuko kideei Paco Etxeberria Aranzadi zientzia elkarteko lehendakariak. Hilabete batzuk barru jasoko dituzte senideek ofizialki hezurrak, aurrez DNA proba eta proba mediko batzuk egin ostean.

Omenaldia

Omenaldi kutsua ere izan du ekitaldiak. Familiako kideekin eta CNT sindikatuko kideekin batera izan dira horregatik Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea, Irune Zuluaga Sabino Arana Fundazioko lehendakaria eta Larrabetzuko herritar talde bat ere. Eusko gudariak eta A las barricadas abestu dituzte bertaratutakoek hobiaren inguruan.

“Urte askoz memoria desagerrarazi nahi izan dute”, egin du salaketa Erkorekak, eta Portillo eta gainontzeko gudariak “askatasunaren eta demokraziaren alde” aritu zirela gogorarazi du. “Justizia lortzea zail izango da ia 80 urteren ondoren, baina memoria eta erreparazioa posible da”. Larrabetzuko alkateak eskertu egin die lana memoriaren aldeko gizarte mugimenduei, eta memoria historikoaren garrantzia azpimarratu du: “Gure seme-alabei kontatu ezin izan diegun historia berreskuratzen ari gara”. Iñaki Astoreka CNTko kideak poza azaldu du Portilloren gorpua berreskuratu ahal izan delako, baina gogor kritikatu du 1976ko Amnistiaren Legea. “Biktimak gutxiesten ditu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.