Richter eskalan 3,7 graduko lurrikara bat izan da Iruñerrian arratsaldean. 15:30ean sentitu dute dardara, eta Zirizan izan du epizentroa. Espainiako Informazio Sismikorako Zerbitzuak BERRIAri jakinarazi dionez, Iruñerrian ez da ohikoa halako dardarak izatea, baina gaineratu dute maila horretako dardarak normalak direla.
Hogeiren bat lagunek Nafarroako SOS zerbitzura deitu dute, lurrikarraren berri emanez. Aurretik, 13:11ean, 2,8 graduko beste lurrikara bat izan da, epizentroa Etxaurin izan duena. Hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Antonio Aretxabala geologoak Europa Press agentziari azaldu dionez, hurrengo egunetan lurrikara gehiago egon daitezke.
Azken egunotan behin baino gehiagotan izan dira lurrikarak Euskal Herrian. Ritcher eskalan hiru graduko indarra izan zuten lau lurrikara erregistratu zituzten astelehenean Erreniegan, Iruñe inguruan. 20:00etatik 23:00etara bitartean atzeman zituzten. Dozenaka erreplika gertatu ziren atzetik, eta Iruñea inguruko herrietan nabaritu zuten lurraren mugimendua.
Urtezahar egunean, berriz, lurrikara bat izan zen Okzitanian, Richter eskalan lau gradukoa; Lapurdin, Nafarroan eta Gipuzkoan ere sentitu zuten.