Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
4. xedapena kentzearekin ez dira ados UPN ez beste denak
Nafarroa eta EAE bat egiteko aukera jasotzen du Espainiako Konstituzioaren 4. xedapenak, eta Konstituzioan aldaketaren bat egitekotan xedapen hori kendu egingo duela hitz eman zuen PPko hautagai Mariano Raxoik, larunbatean, Iruñean egindako mitinean. UPN eta PP baino ez daude ados horrekin. Gai hori kanpainan aterata beste gai batzuk estaltzea egotzi diete Nafarroako Legebiltzarreko taldeek UPNri eta PPri. «Demokrazian atzera pausoa ematea» da xedapena kentzea, Patxi Zabaleta NaBaiko legebiltzarkidearen iritzian. Bilduko legebiltzarkide Maiorga Ramirezek gaineratu du aldaketak «erabakitzeko eskubidean sakontzeko» egin behar direla. Xedapena kentzearen kontra agertu da PSN ere. Nafarrengan konfiantzarik ez izatea egotzi zien UPNri eta PPri; «nafarrek nahi badute martxan jarriko den instrumentua da». Carlos Garcia UPNko bozeramaileak esan zuen «soberan» dagoela xedapen hori, eta «logikoa» dela kentzeko eskatzea; «Horrek inolaz ere ez luke gutxituko nafarrek egokiena iruditzen zaienari buruzko iritzia emateko gaitasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu