Bero handia izan da azken egunetan. Alerta laranja emanda dago muturreko tenperatura oso altuengatik eta horia tenperatura altu iraunkorragatik. Ur asko edan eta toki freskoetan babesteko gomendioa eman dute.
Nolanahi ere, iragarpenaren arabera, ipar-mendebaldeko haizearen eraginez arratsaldean tenperatura nabarmen jaitsiko da. Euskalmeten arabera 40 graduren bueltan ibili dira termometroak gaur, eta 20ren bueltan geldituko dira.
Apurka apurka iparraldetik freskatuz doa.
— Euskalmet (@Euskalmet) 2016(e)ko uztailak 19
El calor va a menos poco a poco por el norte. pic.twitter.com/Vt9d3KcQYd
Bastidako sutea kontrolpean
SOS Deiek jakinarazi dutenez, sutea piztu da Bastida inguruetan (Arabako Errioxa), eta garrak etxeetara gerturatu dira. Larrialdi zerbitzuetakoak lanean ari dira sua itzaltzeko, helikopteroekin eta eskura dituzten bitartekoekin. Arabakoez gain, Errioxako suhiltzaileak ere laguntzen ari dira itzaltze lanetan.
12:30ean piztu da sua,e ta 15:30ak aldera hartu dute kontrolpean.
Lantaronen ere sutea izan zen atzo, eta 50 hektarea erre ziren.
Suteen arriskuagatik ohartarazpena emana zuen Euskalmetek. Izan ere, alerta horia emanda dago baso suteengatik. Tenperatura altua egoteak, hegoaldeko haizea ibiltzeak eta hezetasun erlatibo baxuak asko handitzen du suteetarako arriskua, eta horiexek dira Araban dauden ezaugarri meteorologikoak. Araban ez ezik, abisu horia emana du Euskalmetek Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Nafarroan eta Iparraldean ere alertak emanda daude beroagatik.