Gizartea

40 lagunentzako adingabe zentro batean 160 dauzkatela salatu du Elkarrekin Podemosek

Hogeita hamarren bat adingabek lurrean lo egiten dute Zornotzako zentroan (Bizkaia). Elkarrekin Podemosek salaketa jarri du Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Fiskaltzan, "metaketa larria" salatzeko.

Zornotzako adingabeen zentroa. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko uztailaren 26a
07:12
Entzun

Tinixara Guanche legebiltzarkideak aurkeztu du salaketa, eta, azaldu duenez, auzitara jo aurretik egin zezaketen bide guztia egin dute egoera konpon zedin. Zentroan 40 lagunentzako tokia dago berez, baina 160 adingabe dauzkate. Halakoa da pilaketa, 30 lagun inguruk lurrean egin behar izaten dute lo. Ekintzak egiteko pentsatuta dauden gelak ere lotarako leku bihurtu direla dio, eta eraikineko gelak egokitzen ari direla, besteak beste jantoki gisara erabiltzeko. Iturri horren arabera, bakarrik dauden atzerritarrak dira Zornotzako zentroko adingabeak.

Egoera konpontzeko behar diren neurri guztiak hartzeko eskatu dio Elkarrekin Podemosek Fiskaltzari, eta baita ikertzeko ere ba al dagoen erantzukizun penalik duen norbait. Haurrak eta nerabeak babesteko legea urratzen da adingabekoen zentro horretan, Podemosen arabera, eta, horregatik, Fiskaltzaren esku hartzea eskatu du, bestelako bideek ez dutelako ezer ekarri. "Urraketak larriak eta sistematikoak dira", esan du. Zentroan dauden adingabekoen segurtasuna ez dago bermatuta, eta ezta zaintzaileena ere. Gainera, Podemosek salatu du ezin dutela egin haiek hezteko ekinaldirik ere, eta horrek are gehiago okertzen duela bizikidetza.

Elkarrekin Podemosek Bizkaiko Diputazioa egin du egoeraren erantzule. Plangintzarik ez edukitzea aurpegiratu dio, eta "puntuala ez den egoera bati" erantzuteko gai ez izatea. Egoera "ia estrukturala" dela nabarmen du Elkarrekin Podemosek, eta gogora ekarri du Arartekoak ere ohartarazi zuela zentro horren egoera okerraz 2005ean, eta baita 2018an ere. Egoeraren jakitun egonda ere Diputazioak ezer ez egitea "onartezina" da, Podemosen irudiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.