Sexu askatasunaren aurkako erasoa egotzita, 40 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizona emakume bati hurbildu zaio, eta, hark ezezkoa eman ostean, indarrez egin dizkio ukituak. Emakumeak berak eman dio gertatutakoaren berri Ertzaintzaren patruila bati.
Gizonezkoa Bulebarrean aurkitu dute, eta atxilotu egin dute. Bihar eramango dute epailearen aurrera.
Eneko Goia alkateak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta bozeramaileen batzordea antolatu du astelehenerako.
Atxilotu bat Gironan
Bestalde, jakin da gizon bat atxilotu dutela Katalunian, Gironan, bikotekide ohia hiltzeko asmoz Nafarroara zetorrela egotzita. Urruntze agindua du gizon horrek, baina polizia iturrien arabera, haustera zihoan. Gironako tren geltokian atxilotu dute. Erriberriko merindadeko herri batean bizi da bikotekide ohia.
Azken egunetan zazpi gizonezko atxilou dituzte Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotuta. Horietatik lau atzeman dituzte emakumeei jotzea egotzita, bi urruntze agindua urratzeagatik eta bat jazarpena egotzita. 49 eta 22 urte artekoak dira atxilotuak.