400.000 euro bosgarren edukiontzia zabaltzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialdeko zazpi mankomunitatek hitzarmen bat sinatu dute

Donostiako Amara auzoan jarritako edukiontziak. IRUTXULOKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialdeko zazpi mankomunitatek hitzarmen bat sinatu dute hondakin organikoak bosgarren edukiontziaren bidez gaika biltzeko prozesua martxan jartzeko. Hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako mankomunitateek 400.000 euro izango dituzte behar dituzten gauzak erosteko (edukiontziak, poltsa konpostagarriak...) eta herrietan egingo diren kontzientziazio kanpainak finantzatzeko

Hitzarmena Sasietak, Urola Kostak, Urola Erdiak, Tolosaldeak, Debabarrenak, San Markok eta Txingudik sinatu dute, eta Debagoiena izan da izenpetu ez duen bakarra, nahiz eta martxoaren 1ean hartutako foru erabakiak mankomunitate horrentzako diru laguntza ere zehazten duen, 34.986 eurokoa hain zuzen. Besteak beste, San Markok 175.576 euro jasoko ditu bosgarren edukiontzia sustatzeko, eta Txingudiko mankomunitateak, 43.775 euro.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, atzo, Markel Olano diputatu nagusiak babestu egin zuen bera buru duen gobernu taldeak hondakinen kudeaketan egin duen lana: «Aurrea hartzen ez diogun edo birziklatzen ez dugun guztia zabortegi batera doa azkenean edo, bestela, erraustu egiten da, hemen eta mundu osoan». Egindako bidearen egokitasuna nabarmendu zuen Olanok: «Gipuzkoak demokratikoki aztertu, eztabaidatu eta erabaki zuen birziklatu gabeko hondakinen gaineko zatiaren kudeaketa balorizazio energetikoaren bidez egingo dela Donostiako Zubietan, Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroan».

Bilboko Udalak, berriz, bosgarren edukiontziaren bidez hondakin organikoak biltzeko sistema jarri zuenDeustuan otsailaren 15ean, eta dagoeneko 3.500 kilo hondakin jaso dituzte. Auzoko 800 familia ari dira parte hartzen programan.

Antzuolan, atez ate

Bestalde, Antzuolan (Gipuzkoa) hondakinak atez ate biltzeko sistemarekin hasi ziren atzo gauean. Hondakinak jasotzeko sistema hori ezarri duen Debagoieneko lehenengo herria da Antzuola, Gipuzkoako laugarrena, Usurbil, Hernani eta Oiartzunen ondoren. Otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean banatu zuten herritarren artean atez atekorako beharrezkoa den materiala.

Greenpeace erakunde ekologistak «zoriondu» egin du Antzuola, «atez ateko bilketa selektibora batzeagatik». Greenpeaceren arabera, «Antzuolako herritarrek beste behin erakutsi diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Zubietako errauste plantaren sustatzaileei hondakinen kudeaketarako kutsagarriak ez diren eta hain kaltegarriak ez diren beste aukera batzuk badaudela».Atez ateko sistema herrialde osora zabal dezan eskatu dio Julio Barea Greenpeaceko kideak aldundiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.