Abenduan sartzearekin batera, epaitegirako bidea egin beharko dute 41 euskal herritarrek aste honetan. Astearterako, abenduak 1, Donostiako auzitegira deitu dituzte Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladron, 2007ko urtarrilean egindako protesta baten harira. Beste hainbat mobilizazioren artean, A-8 errepidea itxi zuten gazteek Zarautzen (Gipuzkoa), Jarrai-Haika-Segi auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak ematekoa zuen epaia salatzeko. Fiskalak bi urte eta erdiko zigorra eskatu du bakoitzarentzat; denera, hamabi urtekoa.
Hainbat mobilizazio antolatu dituzte auzia salatzeko. Gaur, elkarretaratzea egingo dute Deustuan (Bilbo), 19:30ean.
Asteazkenerako, hilak 2, Iñaki Goioaga EH Bilduko senataria deitu dute Auzitegi Gorenean deklaratzera, "talde terroristako kide" izatea, "terrorismoa finantzatzea", ogasun publikoaren aurkako delitu bat egitea, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta kapitala zuritzea egotzita. Senataria izanik, foruduna da, eta horregatik hartuko diote deklarazioa Auzitegi Nazionalean.
Ostegunean—hilak 3—, berriz, 04/08 sumarioko epaiketa egingo dute. Ezker abertzaleko 35 kide daude auzipetuta, legez kanporatutako EHAK, ANV eta Batasuneko kide izatea leporatuta. Baltasar Garzon epaile ohiak abiatu zuen sumarioa, 2007ko urrian, Seguran (Gipuzkoa) hainbat lagun atxilotu eta egoitza eta etxebizitza ugari miatuta. Auziaren inguruko epaiketa urtarrilean hastekoa zen, baina Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen. Izan ere, egun batzuk lehenago hainbat abokaturen kontrako polizia operazioa izan zen, eta defentsako abokatuak atxilotu zituzten.
Honako lagun hauek eseriko dituzte akusatuen aulkian: Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandre, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi, Gorka Murillo, Jesus Mari Agirre, Juan Karlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Aurore Martin.