Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean 4/2014 sumarioko epaiketa. Hasi eta berehala eman dute akordioaren berri; fiskalarekin adostuta, zigor eskariak zortzi urtetik bira murriztu dituzte, eta ez dute espetxera itzuli beharko.
Urtarrilean, 04/08 sumarioan lortu zuten aurrenekoz akordioa fiskalarekin. Orduan, 35 auzipetuek biktimen oinazea hartu behar izan zuten aintzat, eta haiek ere kartzela saihestu zuten, zigorra murriztuta. Gorka Mayo auzipetuak azaldu du akordioaren testuak "Segurako auziko militante independentisten eskemari" jarraitzen diola. Auzitegi Nazionalaren izaera salatu du Mayok: "etsaiaren zuzenbidea" aplikatzen duela, eta torturak ahalbidetzen dituela.
Auzitegitik irtetean, txaloka hartu dituzte auzipetuak:
Bideoa: Txalo artean hartu dituzte auzipetuak irteeran @berria#aztnugalpic.twitter.com/nwHyTdUalU
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) 2016(e)ko apirilak 14
Sortu pozik agertu da akordioagatik, eta Segurako auziaren akordioaren ostean nabarmendutako ideia berretsi du: "Ideia bat errepikatu nahi dugu: ez dira espetxeak betetzeko garaiak, hustekoak baizik". Epaiketa politiko guztiak amaitzeko beharra azaldu du, eta ohartarazi bi epaiketetan "agerian" geratu dela "ezberdinen arteko akordioen formulak, prozedura judizial hauek amaitzeko, nahikotasun maila eskain diezaikeela aldeei, jazarpen politikoetan oinarritutako prozedura judizialei, salbuespenezko legediari eta baita gatazka politikoaren bestelako gaiak amaitzeari begira".
Akordio molde horiek falta diren epaiketa politikoetarako "baliagarri" izatea espero du Sortuk.
Zortzi urtetik bira
Ekineko kide izan eta 2009. eta 2010. urteetan ETAren aginduetara ezker abertzaleko hainbat antolakunde koordinatu eta dinamizatzea, "ETAren aparatu politikoko kide desdoblatu" gisara. Horiek dira fiskalak bosten aurka eginiko akusazioak. Zigor eskaerak ez ziren makalak: zortzina urteko kartzela, eta hamabina urteko inhabilitazioa. Hainbat dokumentu atzeman zizkietela nabarmendu du fiskalak, ezker abertzalearen antolakuntza ereduari eta prozesu demokratikoari buruzkoak.
2010eko irailean egindako sarekada baten ondorioz, beste bederatzi lagun epaituko dituzte maiatzean, aurreko bostak bezala, Ekineko kide izatea egotzita.
Fernando Grande Marlaska epaileak aginduta, inkomunikatu egin zituzten atxilotuak, eta torturak salatu zituzten Gorka Mayok ez beste denek. Aztnugal (laguntza, alderantziz) idatzi zuen Arratibelek polizia deklarazioan, eta hori bihurtu da auzia salatzeko kanpainaren ikur. Tortura testigantza Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino eraman zuen Jon Patxi Arratibelek. Ezaguna da emaitza: Espainiako Estatua zigortu zuen Estrasburgoko auzitegiak, salaketa hura ez ikertzeagatik.