OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, izurria kontrolpean jartzen haste aldera, ezinbestekoa da egiten diren testen artean %5 baino gutxiago izatea positiboak. Eta ehuneko horretatik hurbil daude datuak, Hego Euskal Herriko osasun sistemek egindako azken jakinarazpenen arabera: atzo 8.189 test egin zituzten denera, eta horietako 427k eman zuten emaitza positibo, alegia, testen %5,2 izan ziren.
Erietxeetan, hala ere, oraindik agerikoa da izurriaren zama. Osasunbideko erietxeetan COVID-19a duten 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta 25 larri daude, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Nafarroako Osasun Departamenduak jakinarazi du, halaber, igaro orduotan bi pertsona hil direla gaitzaren ondorioz: 78 urteko gizon bat eta 92 urteko andrazko bat.
Osakidetzako zentroetara azken orduotan gaitzak jotako 31 pertsona eraman dituzte. Hala ere, jaitsiera bat dago COVID-19arekin gela arruntetan dauden pazienteen kopuruan: 196 dira orain, eta abuztuaren 17an 256 ziren. ZIUetan daudenetan ez da aparteko jaitsierarik: 72 paziente daude, eta abuztuaren 17tik egun bakarrean izan dira 70 baino gutxiago. Abuztuaren 27an, hain zuzen ere, 69 izan ziren.
Txertaketan aurrerapauso agerikoa egin da asteon: Hego Euskal Herriko biztanleen 70ek jadanik osatua dute txertaketa pauta.