COVID-19a atzemateko 8.978 proba egin zituzten, atzo, Hego Euskal Herrian, eta horietako 900ek eman dute positibo. Hala, positibo tasa %10ekoa da. Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, 374 izan baitira. Gipuzkoan 207 lagunek eman dute positibo, Araban 152k, eta Nafarroan ere 152 kasu atzeman dituzte. Gainera, Hego Euskal Herrian bizi ez diren beste hamabost lagunek ere eman dute positibo.
Ospitaleetako egoerari erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, beste 58 herritar erietxeratu zituzten atzo. Hala, guztira 435 paziente artatzen dituzte Hego Euskal Herriko ospitaleetan koronabirusak jota. ZIUetan, orotara, 102 paziente daude, herenegun baino lau gehiago. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez bada ere, gaur goizean, Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendariak France Bleu irratian adierazi du 43 paziente artatzen dituztela gaitzagatik, eta ospitalea «tentsio» egoeran dagoela adierazi du, deitorez.
Dena den, ospitaleetako datuek okerrera egin dute azken asteetan, eta, heriotzetan ere eragina du: Hegoaldean, %53,5 emendatu da koronabirusak jota hil diren herritarren kopurua, aste bakarrean. Abuztuaren 9tik 15era, 43 lagun hil ziren gaitzarekin. Aurreko astean, abuztuaren 2tik 8ra, 28 pertsona hil ziren.