Navarra directo telebista saioko langileek 43.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte azken hilabetean, ETB Nafarroan LTD bitartez ikusi dadin eta programak aurrera jarrai dezan. Nafarroako Gobernuari bihar emango dizkiote sinadurak, eta aurki Eusko Jaurlaritzari ere aurkeztuko dizkiote.
Ostiralerako elkarretaratzera deitu dute, bi aldarrikapenekin: "Navarra directo saioari eta bertako hogei lanpostuei eustea, eta Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak Nafarroan ETB LTD bitartez ikusi dadin 2009an lortutako akordioa berehala betetzea". 19:00etatik aurrera izango da bilkura, Iruñean, gobernuaren egoitzaren aurrean.
Langileek esan dute telebista saioak uztailera arte jarraituko duela jakin dutela, baina ez dakitela zer baldintzatan ariko diren. "Izan ere, aurrekontua nabarmen murriztuko dute eta hainbat langile kalean geldituko dira".
Eskerrak eman dituzte "babesa sozial handia" jaso dutelako. "Baina arduradun politikoek ez diote arazoari soluziorik eman nahi izan oraindik".