Espainiako Poliziak enpresetako 44 segurtasun zaindari atxilotu ditu Gipuzkoan, Nafarroan eta Espainian (Errioxan eta Kantabrian), titulu faltsuak erosi zituztela egotzita. Titulu horiei esker hainbat enpresetan lanean jardun dute azkeneko urteetan, Poliziaren arabera.
Ekainean antzeko operazio bat egin zuen Poliziak, eta orduan irekitako ikerketaren ondorioz egin du oraingoa. Ikerketako iturriek diote ekaineko operazioan atzemandako Madrilgo ikasketa pribatuen zentro bateko zuzendariak segurtasun zaindarien diplomak saltzen zituela bostehun eta mila euroren artean.
Poliziak esan du atxilotuek ez dutela lan hori egiteko adina prestakuntzarik, eta batzuek, gainera, delitu aurrekariak dauzkatela.
Bi operazioetan ehun lagun atxilotu dituzte, eta, besteak beste, armak aurkitu dizkiete. Tituluak saltzen zituen sareak ehun mila euro jaso dituela uste du Poliziak.