OSASUNA

456 sendagai finantzaketa publikotik at utziko ditu Espainiak

Gaixotasun arinetako sendagaiak pagatzeari utzi nahi dio Madrilgo gobernuak, eta 440 milioi euro aurreztea espero du. Bilera dute arratsaldean autonomia erkidegoetako Osasun sailburuek eta Ana Mato ministroak. Berrordainketa sistema martxan nola jarri ere aztertuko dute. 

2012ko ekainaren 27a
15:13
Entzun

Gaixotasun batzuei aurre egiteko botikak ez ditu pagatuko Espainiako Osasun Sistemak. Gripeari, hotzeriari, tripetakoei, buruko minari eta horrelakoei aurre egiteko sendagaiak oso-osorik gaixoek pagatzea jarri du mahai gainean Espainiako Gobernuak; guztira, 456 botika utzi nahi ditu finantzaketa publikotik kanpo, dirua aurrezteko —440 milioi aurreztea espero dute—. Medikuek jarraitu ahalko dute botika horietarako errezetak ematen, baina gaixoek pagatu beharko dituzte. Murrizketa neurri hori gaur aztertuko dute Ana Mato Osasun ministroak eta autonomia erkidegoetako sailburuek. 17:00etan dute hitzordua, Madrilen, eta han izango dira Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Marta Vera Nafarroako Gobernukoa. 

Sendagai batzuk finantzaketa publikotik ateratzeko asmoa iragarria zuen Osasun Ministerioak, eta botiken berrordainketa sistema martxan jarri baino lau egun lehenago emango du horren berri. Ikusteko dago, nolanahi ere, noiztik aurrera izango duen eragina —uda ondoren martxan jarriko dutela zabaldu dute hedabide batzuek— eta Hego Euskal Herrian zer gertatuko den. Nafarroako Gobernuak orain arte bete-betean bat egin du Espainiako Gobernuak osasunean proposatutako mozketekin, eta igandean sistema martxan jartzeko "prest" dagoela esan du. Eusko Jaurlaritzak, berriz, iskin egin nahi die murrizketa neurriei, eta dekretu bat onartu zuen atzoko gobernu kontseiluan, berrordainketa abian ez jartzeko.

Gaur arratsaldeko bileran aztertuko dute nola jarri martxan sistema berria. Pentsiodunei dirua nola itzuli dute eztabaidagai; errentaren arabera, gehienezko kopuru bat gastatu ahalko dute pentsiodunek botiketan, eta, hori kudeatzeko, aurrena ordainarazi eta gero dirua itzultzea proposatu du Madrilgo gobernuak. Bestalde, berrordainketa sendagaiez harago ere zabaltzea proposatuko du gaur Espainiak: protesiak jartzeagatik kobratzen hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.