Indarkeria matxista

4.869 emakumek jasotzen dute Hegoaldean poliziaren babesa

Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen arabera, iaz baino 80 andre gehiago ari dira babes hori jasotzen indarkeria matxistagatik. Sakelakoetarako aplikazio berri bat jarriko du martxan Ertzaintzak abendutik aurrera.

Ertzainak Noelia Noemiren hilketa gertatu zen lekuan, Sestaon, iazko irailean. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko azaroaren 22a
09:52
Entzun

Hego Euskal Herrian, 4.869 emakumek dute irekia "genero indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren ondoriozko polizia babeserako espedientea". Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur eman ditu datuak. Bizkaikoak dira kasu gehienak: 2.304. Gipuzkoan, berriz, 1.472 dira, 789 Araban eta 304 Nafarroan —joan den astean eman zituen datuak Foruzaingoak—. Ertzaintzak azaldu du lau arrisku mailatan sailkatzen dituztela espediente horiek, eta horren arabera zehazten dituztela babes neurriak.

Biktima horiei guztiei ematen diete "autobabesaren arloko prestakuntza" eta informazioa, eta jarraipen bat egiten diete, "aldian behin, telefono bidez". Arrisku mailaren arabera, bestelako neurri batzuk ere hartu ohi dituzte. EAEn, esaterako, 66 andrek dute bizkartzain pertsonala, eta, epaileen aginduz, eskumuturreko elektronikoekin egiten diete jarraipena 30 erasotzaileri. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.023 urruntze agindu daude aktibatuta.

2003tik, 98 andre eta 11 adingabe hil dituzte Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. BERRIAk bihar jarriko ditu ikusgai datu guztiak, webgune berezi batean.

"Hobekuntzak" arreta zerbitzuan

Bortxa izeneko 24 orduko arreta zerbitzua du Eusko Jaurlaritzak, 900-84 01 11 telefonoan. Besteak beste, GPS bidezko alarma aktibatzeko zerbitzua du. Larrialdietarako, 112 telefonoa ere erabilgarri dago Hegoaldeko lurralde guztietan, eta 016 telefonoa dauka Nafarroako Gobernuak informazioa bideratzeko.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, sakelakoetarako aplikazio bat lantzen ere ari dira —Bortxa izendatu dute hori ere—, "genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako aplikazio espezifikoa". Laguntza eskatzea errazteko eta larrialdietarako zerbitzuak koordinatzeko balioko duela azaldu dute: "Hobekuntzak ekarriko ditu arreta zerbitzuan. Adierazgarrienetako bat izango da aplikazioa biktimaren telefono pertsonalean jartzeko aukera".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.