Hasieran kloarita zela zabaldu bazen ere, amonala zen atzo Bilboko Barrenetxea, Goiri y Cia enpresako bulegoetan lehertu zen lehergailuaren osagaia. Hala ziurtatu du Ertzaintzak, eta 5 eta 7 kilo artean eztandarazi zituztela zehaztu du.
ETAren izenean norbaitek Gara egunkarira deitu eta ordubetera lehertu zen, eta lantegia husteko eta ingurua hesitzeko astia izan zuen Ertzaintzak. Ondorioz, inork ez zuen minik hartu, baina kalte material handiak eragin zituen. Hala ere, gaur goizeanberriro lanean hasi dira kontserbetarako ontzi metalikoak egiten dituen Barrenetxea, Goiri Y Cian, bulegoen atalean izan ezik.
Atzoko atentatu horri buruz mintzatu da gaur goizean Joseba Permach Batasuneko buruzagia, eta erasoak "gatazka indarrean" dagoela erakusten duela iritzi dio. "Errealitate hori hor dago, Euskal Herriaren, preso politikoen, ezker abertzalearen, eta oro har, euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso diren beste hainbat errealitate bezala".
Hori guztia gainditzeko alderdiek konpromisoak hartu behar dituztela azpimarratu du "serio eta zintzotasunez"; Batasuna ahalegin horretan dabilela erantsi du.
Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak ere mintzagai izan du atzoko atentatua ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan. Enpresaburuentzako animo hitzak izan ditu, eta, era berean, eskaera zehatza egin die: ETAren "xantaia mafiosoaren" aurrean ez dezatela amore eman.
Iñaki Anasagasti EAJko diputatuak ere hizpide izan du erasoa. Barrenetxea, Goiri y Cia. enpresako nagusiak abertzaletasunarekin engaiatutako jendea direla nabarmendu du. "Bizi guztian euskal kausari lagundu diote. Euskal abertzaleak dira, eta erbesteko Jaurlaritzari aurrera egiten lagundu zioten".
Atentatua
5-7 kilo amonal zituen Barrenetxea, Goiri y Cia enpresaren aurkako lehergailuak
Hasieran kloratita zela zabaldu zen arren, , 5-7 kilo amonal zituen atzo ETAk Bilboko Barrenetxea, Goiri y Cia enpresan eztandarazi zuen lehergailuak, Ertzaintzak gaur agertu duenez. Joseba Permach Batasuneko buruzagiak gaur eman du erasoari buruzko iritzia, eta atentatuak "gatazka indarrean" dagoela frogatzen duela iritzi dio, eta, beraz, agerian utzi duela alderdiek konpromisoak hitzartzeko premia. Josu Jon Imaz EAJko lehendakariak, berriz, ETAren "estortsio mafiosoaren" aurrean ez amore emateko eskatu die enpresaburuei. Imazen alderdikide Iñaki Anasagastik Barrenetxea, Goiri y Cia.ko nagusiek beti "euskal kausa" lagundu dutela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu