Euskal Herri osoko 50 eskulangile bilduko dira Euskal Dendan; horietatik hamabost lehenengoz izango dira azokan. Lurraldeka, Bizkaiak izango du ordezkaritza zabalena —hemeretzi artisau—. Sektoreei dagokienez ere, aniztasuna izango da nagusi: beira, metala, zeramika...
Horrekin batera, eskulangileen lana zuzenean ezagutzeko aukera izango dute Azoka plazara joaten direnek. Durangoko Azokan bezala, eskulangileen azokan ere Okzitania izango da herrialde gonbidatua.
2005. urtean hasi zen Arbaso elkartea Artetsu sariak ematen, eskulangintza alorreko lagunei onarpena egiteko asmoarekin. Aurten BERRIAk jasoko du horietako bat; komunikabideen alorrean emandakoa, hain justu. Gainerako saridunak dira Lurbe Zeramika, Itziar Bengoa eta Gloria Etayo; Sondikako Udala; Aranzadi Zientzia Elkartea; eta Korrika.
Abenduaren 5ean izango da sariak emateko ekitaldia, 20:00etan, San Agustin kulturgunean.