Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak 12:30ean txio batean jarri du "ETAren terrorismo delitua" egotzitako sententzietan ezarritako erantzukizun zibila ziurtatu ahal izateko hasi duela Guardia Zibilak operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean. 50 euskal preso ohi horiek zortzi milioi euroko "zorra" luketela esan du ministroak. Barne Ministerioak adierazi du hamar kide ETAren atentatuekin lotuta daudela, eta besteak, kale erasoekin —ETAren estrategiaren parte egin ditu erasook—. Euskal preso ohiak dira. Urte eta erdiko ikerketa baten emaitza da operazioa, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek diotenez.
Efek zabaldu du Roberto Vecino euskal preso ohiarena dela atzemandako auto bat. Barakaldon (Bizkaia) zeukan autoa. Beste hiru ibilgailu ere eraman ditu. Hegoaldeko lau herrialdeetan ari dira operazioa egiten, iturri haien arabera, eta Errioxan ere (Espainia) ari dira.
"Segurtasun indarrek terroristei jazartzen segituko dute", adierazi du Zoidok, Palman (Herrialde Katalanak), turismo plan bati buruzko aurkezpenean. Barne Ministerioak esan du lanean jarraituko dutela "terroristek Justiziarekin dituzten zorrak kitatzeko".
Ikerketako iturriek diotenez, kide haiek ez dituzte kitatuak kalte-ordainak, baina ondasun batzuen jabe dira edota jarduera ekonomiko eta laboralak dituzte. 45 kontu korronte baino gehiago blokeatu dituzte, eta 30en bat lan nomina aztertzen ari dira, soldataren parte bat kalte-ordainetarako erabiltzeko. Hainbat etxebizitza, lokal komertzial eta aparkaleku identifikatu ditu Guardia Zibilak.
Erantzuna, "ziklo politiko berria"
Sortuk Guardia Zibilaren operazioa salatu du, gaur arratsalderako presaz deitutako prentsaurrekoan. "Hau da espainar estatuaren erantzuna ETAren amaierari", adierazi du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Alderdiak "elkartasuna" adierazi die operazioaren jomuga izan direnei. Rodriguezen esanetan, Espainiak "iraganera lotuta" mantendu nahi du euskal gizartea, hark "aurrera" egin nahi duen arren. "Gerra egiten jarraitzen dute, euskal gizarteak bakea nahi duenean".
Sorturen iritziz, estatu espainiarraren jarrera "ez da ezer berria". Rodriguezek nabarmendu du duela hamar urte, ezker abertzalea "estrategia aldaketaren gaineko hausnarketa egiten hasi zenean", hausnarketa hori sustatzen ari zirenenak atxilotu zituela Espainiak —tartean, Rodriguez bera—. Horrez gain, ETAren armagabetzea eta desegitea ere trabatzen saiatu dela ziurtatau du. Rodriguezek jakinarazi du ETAren desegitea ofizial egiteko Genevan (Suitza) antolatu zen ekitaldia eragozten ahalegindu zela Espainiako Gobernua, Suitzari "sekulako presioa" eginez.
ETAk indarkeria agertoki politikotik behin betiko erretiratu badu ere, Espainiak indarkeria erabiltzen jarraitzen du bere helburu politikoa "inposatzeko", Rodriguezen esanetan. Azaldu duenez, Espainiak beldurra dio eztabaida demokratikoari, "ez daukalako inolako eskaintza edo egitasmo demokratikorik; ez euskal gizartearentzat, ezta ere kataluniar gizartearentzat ere".
Ildo horretan, Rodriguezek ziurtatu du operazio polizialari eman dakioken erantzunik onena "ziklo politiko berria berrestea eta ziklo horri ahalik eta bultzada indartsuena ematea" dela. Ildo horretan, gogorarazi du ezker abertzaleak ekitaldi bat egingo duela larunbatean, Bilboko Miribillan, "urrats garrantzitsu bat" egiteko.
Sortuk "ezkertiar eta independentista orori" egin die dei ekitaldian parte hartzera. Aurreratu duenez, ezker abertzaleak ekitaldi horretan adieraziko du "bizirik", "zutik" eta "pozik" dagoela, ez duelako inolako zalantzarik "herri honek lortuko dituela bakea eta askatasuna".
"Mendekua eta gorrotoa"
Guardia Zibilaren operazioa gaitzetsi du Sare euska presoen eskubideen aldeko plataformak ere. Haren esanetan, Espainiak "mendeku eta gorroto politikak" bultzatzen jarraitzen du, Euskan Herrian maiatzaren 4az geroztik "garai berri bat" ireki den arren, "elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko". Sareren esanetan, estatuak "immobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan" sakondu nahi du. "Mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkako jarrera eta ekintza horiek" salatu ditu eta dei egin dio gizarte osoari "elkarbizitzaren eta bakearen eraikuntzan eragile aktibo" izatera.