Hirigune elkargo bakarraren egitasmo bakarrak gertu du gainditu behar dituen bi langetako bat; ordezkatutako herritar kopuruarena. Azken orduetan, egitasmoaren alde bozkatu dute Ainhoa, Haltsu (Lapurdi), Behaskane, Izura-Azme (Nafarroa Beherea) eta Sohutako (Zuberoa), Bunuze (Nafarroa Beherea) eta Ainhize-Monjolose (Nafarroa Beherea) herriko etxeek, baiezkoaren aldera 8.000 lagun gehituz. Kontra bozkatu du, berriz, Gotainekoak (Zuberoa), Ibarrolakoak (Nafarroa Beherea), Etxarrikoak (Zuberoa), Lukuze-Altzumartakoak (Nafarroa Beherea) eta Mitikile-Larrori-Mendibilekoak (Zuberoa).
Proposamena onartzeko, herri guztien erdiek bozkatu behar dute alde gutxienez, eta alde bozkatzen duten herriek biztanleria osoaren erdia ordezkatu behar dute gutxienez. Hori horrela, 147.967 biztanle ordezkatzen dituzten herriek eman behar diote oniritzia proiektuari; gutxienez 79 herrik.
Jada 53 udalerrik baiezko hautua eginda, 26 falta dira hirigune elkargo bakarraren proiektuak baldintza hori ere bete dezan. Gaur-gaurkoz, hamalau dira kontra bozkatu duten herriak, eta 73.766 herritar ordezkatzen dituzte.